Kopuruekin lanean: Subitizazioa, kontaketa, estimazioa

Zein lan garrantzitsua den honakoa hau HHko eta LHko lehen urteetan! Kopuruen zenbatekoan eta hauen errepresentazio abstraktuan aurrera pausu irmoarekin egingo badugu, igaro behar diren geltoki guztietan geldialdiak eginez izan beharko da eta, horrela bakarrik, gerora begira eraikiko den eraikin matematikoaren oinarri sendoak jartzen ariko gara! Lehenago ere nahiko maiz heldu izan diogu gai honi.

Hona loturak, gaia fresktu nahi baduzue ere:

Goiko artikuluak begiratzen badituzue, eta gaurkoaren tituluari erreparatzen badiozue, berehala ikusiko duzue zertara natorren.

Kontaketak, subitizazioa eta estimazioa lantzeko materialak edo moduak proposatzera, alegia. Plantillak eta inprimagarriak jasoko dituzue gaurkoan.

Ez nuke aurrera jarraitu nahi, ordea, honakoa esan gabe: Edozein kontaketa-jarduera askoz errealagoa izango dela benetako objektuekin egiten bada. Benetan bildutako hosto, harri edo jostailurekin egiten bada, alegia.

Hortik aurrera, tartean behin inprimatzeko materialak erabili nahi badituzue, hemen eskura:

KONTAKETAK EGITEKO EREDUAK

Kontatzea bera, kopuruak eraikitzeko ezezik, konparazioak egiteko eta ordenazioak egiteko erabili ahal izango dugu. Baita zenbaki sistema hamartarra lantzeko edo zenbakien idazkera edo kopuruen deskonposaketa lantzeko ere. Eta kontaketa gaitasunetan aurrera egiteko ere bai: binaka, hirunaka kontatu, erabilitiako estrategiak azaleratu eta optimizaziora jotzeko… Hori guztia dauka kontaketak aberastasun.

Hiru proposamen ekartzen ditut, horri guztiari heltzeko:

How many? liburu digitala daukagu alde batetik. Tapan ikusi dezakezuenez, eskola bateko kidek egindakoa da liburua. Zuen ikastetxean, esate baterako, antzerako lanari ekin dieziokezue hurrengo ikasturteetako ikasleei oparia egiteko!

CREAEDUCAkoek sortutako plantilla hauek ere jaso ditut aste honetan:

Twitterreko traola bat da azken lekuan datorrena: #ntimages . Bertan jasotzen dituzte kontaketak (edo estimazioak) egiteko egokiak diren irudi ederrak. Behekoa, eredu!

SUBITIZAZIOA LANTZEN

Subitizazioak, hitzak adierazten duen bezala, supituki jardutearekin dauka zerikusia. Kopuru bat 2 segunduz ikusi eta zenbatekoa botatzearekin, alegia. Ez da kopuru handiekin egiten. 1-12 tartekoak izan ohi dira. Hemen ere bi aukera ekartzen ditugu:

Batean, actiludis.com webgunera joko dugu. bertan jarri dituzte txukun-txukun eta eskura, subitizazioa landu ahal izateko argazkiak kopuruaren arabera ordenatuta.

Bigarrenean guk geuk eraiki ahal izango ditugu subitizaizoa egiteko txartelak gometxekin honako banaketa ereduak egon daitezela zainduz.

diezdedosenmismanosmatematicas.blogspot.com helbidetik hartutako irudia

ESTIMAZIOAK

Hemen aurreko ereduetan baino kopuru handiagoak erabiliko ditugu eta kopurua bera kontatu gabe, zentzuzkoa den emaitza ematea izango da helburua. Estimazio lanek beraiekin dakarten albo-lanketa nor gehiago hurbildu, nor gehiago urrundu ikustekoa izan daiteke. Bestalde, kopuruak ezezik, masa, bolumena, denbor, diru eta distantzien estimazioak ere egin daitezkela ezin dugu bistatik galdu. Hemen daukazue helbide bat estimazioak egiteko proposamenak ekartzen dituena.

Badakizue, beraz…irakurketatik ekintzara! Ea nola doakizuen!

Permanent link to this article: http://matematiketan.eus/2019/03/15/kopuruekin-lanean-subitizazioa-kontaketa-estimazioa/

Utzi erantzuna

Your email address will not be published.

*