Azken boladan ABNekin bueltaka ari naiz!
Inoiz esan dizuet ABN metodoan oinarrizko 4 eragiketak beste modu baten egitea planteatzen dutela.
Hasierako ideia hori, ordea, urteen joanean aberastuz joan dira metodoaren sortzaileak eta, gaur egun, denbora, diru, neurrien, ehunekoen kalkuluen eta ekuazioen ebazpenari ere forma bera ematen diote. Hainbat onura ikusten dizkiot metodoari eta baita arazoren bat ere. Baina ez da gaurko gaia; gaur, metodoan igerian jardun ahal izateko zenbakikuntza nola garatzen duten laburtzen saiatuko naiz.
Esango nuke, 4 zutabe hauen gainean eraikitzen dutela zenbakikuntzaren oinarria:
- Zenbaki katearen ezagutzan sakontzen, kontaketak egiteko trebezietan identifikatuta dauzkaten faseak umeek pasatzen dituztela ziurtatuz.
- Kopuruen estimazio eta subitizazioa lantzen eta praktikatzen.
- Kopuruen deskonposaketa lantzen. Zenbaki sistema hamartarra deskonposaketa posible bat gehiago dela kontsideratzen dute.
- 10 eta 100en deskonposaketa modu berezian lantzen. (los amigos del 10 y del 100 deitzen diote honi.
ZENBAKI KATEAREN EZAGUTZA
Honi buruz aspaldi idatzitako “zenbakiak idazten ezin ikasi” artikuluan aritu nintzen, baina han prozesu baten hastapena dena besterik ez nuen aurkeztu, HHko gurasoei begira idatzi bainuen.
Izan ere ABNan jarduten dutenek honakoa diote: umeek modu naturalean kontaketak egitean eta, beraz kate numerikoarekin jardutean, fase konkretu batzutatik pasatzen omen dira. Hona nola izendatzen dituzten faseak.
- “NIVEL CUERDA”: Zenbakien izenak esaten dituzte baina zer diren ulertu gabe eta ordena jarraitu gabe. eskuen mugimenuen eta hitzen artean ez dago korrdinaziorik eta objektu bera behin baino gehiagotan pasatu dezakete. Imitazio jolas hutsa da oraindik. 2 urteren bueltako umeak egoten dira fase honetan.
- “NIVEL CADENA IRROMPIBLE”: Kate numerikoan ordena errespetatzen hasiak dira zenbaki txikietan (20raino kontatzean-edo) eta mugimenduak koordinatzen baina derrigorrean 1etik hasi beharra daukate kontatzen.
- “NIVEL CADENA ROMPIBLE”: Kate numerikoan urrunago iristen dira eta, batez ere, hasi daitezke 1 ez den zenbaki batetik (adibidez, 8tik) gora kontatzen.
- “NIVEL CADENA NUMERABLE”: Saltoka kontatzen hasi daitezke. (binaka, bosnaka…) Kontaketa zenbaki baten hasi eta beste baten bukatzen dakite. (adibidez hasi 12an eta bukatu 20an)
- “NIVEL CADENA BIDIRECCIONAL”: Behetik gora edo goitik behera jardun dezakete, banan-banan edo saltoka.
Fase hauek guztiak pasatzeko, ezinbestekoa da umeek benetako kontaketa asko egitea, errutinaz; kopuru txiki eta haundienak; mugitu daitezkeen objektuen kontaketak baina baita ere mugitu ezin direnenak. Estrategiak garatu beharko dituzte kontaketok burutzeko.
Leku askotan irakurri dut umeak, orokorrean, ez direla prest egoten “rompible”ra pasatzeko LH1erarte. (Gure etxean denetarik ikusi dut aspektu honetan; txikiena binaka kontatzen hasia baita bere kabuz, 4 urte eskasekin) ABNa asko lantzen duten tokietan, ordea, ikusi ditut HH5eko umeak “nivel numerable” edo “bidireccionalean” kontaketak egiten. Nire buruari galdetzen diodana da ea zer dioten leku horietan umeen erritmoak errespetatzeari buruz. Ez dakit…nik kontu konkretu honetan nire zalantzak badauzkat, egia esan.
ESTIMAZIO ETA SUBITIZAZIOA
Estimazioa hitzarekin ulertzen dugu kopuru bat aurrean jarri, (txikia edo haundia) eta gutxi gorabeherako bat esatea. Ez dauka zehatza izan beharrik eta ezta hurbildu ere; esandako zenbakiak aurrean daukan kopuruarekin nolabaiteko koherentzia izatea eskatuko zaio bakarrik.
Subitizazioan, kopuru txikiak erabiltzen dira; 12rainokoak asko jota. Dagokion kopurua instante batez ikusi eta kontaketarik egin gabe kopurua esatea da kontua. Dado eta baraja espainiarreko kopuruen kasuan, subitizazioa erabat landuta izaten dugu helduok. Nahikoa da dadoaren itxura ikuatea zenbat pinporta dauden jakiteko; ez daukagu pinportak kontatzen ibili beharrik. ABNek, subitizazioa, pinporten edo objektuen beste banaketa batzuekin ere lantzea proposatzen dute.
KOPURUEN DESKONPOSAKETA
Aspektu hau asko lantzen dute. Guk geuk ere jardun dugu matematiketan-en honen inguruko errutinak proposatzen. Izan ere, zenbaki sistema hamartarra lantzeko proposamenekin 6 artikulu egin ditugu.
“Zenbaki sistema hamartarraren misterioak: teoria apur bat” artikuluarekin hasi ginen eta “zenbaki sistema hamatarrarekin jolasteko beste aukerak“-ekin bukatu genuen seriea.
ABNkoek, hala ere, zenbaki sistema hamartarretik urrunago bidaiatzen dute. Askotan, zenbakien deskonposaketa eguzkiak edo deskonposaketa etxeak eraikitzen dituzte.
10en ETA 100en DESKONPOSAKETAK
Deskonposketak izaten jarraitzen badute ere, atentzio berezia ematen diete. Izan ere, ABN metodoak aztertu badituzue, jakingo duzue zein inportantea den 1-9, 2-8, 3-7, 4-6 eta 5-5 bikoteak ongi identifikatuta izatea. Deskonposaketok lantzeko jolasak erabiltzen dituzte.
Hau guztia ikusi eta gero, ez al zaizue zenbakikuntzaren lanketa aberatsa egiten dutela iruditzen? Ez al da gurera ekartzeko modukoa, nahiz eta ABN metodoak ez erabili? Hor uzten dut hausnarketa, batern batek heldu nahi badio ere.
Bestalde, ABNen gaiak zuen jakinmina piztu badu, jakin ezazue facebook-en taldea sortu dutela, eta han bideo eta ideia interesgarri asko zintzilikatzen dituztela. GRUPO CÁLCULO ABN deitzen da. Bestela, hasieratik martxan duten “algoritmosabn.blogspot.com” helbidea ere hor dago.
Eta, nola ez, jakin ezazue matematiketan-en ere joango garela honi buruzko artikuluak gehitzen, (jada 9 dauzkagula uste dut!) baina poliki-poliki, beti bezala. Gurean, “slow-maths” garela esan baitezakegu!!
2 comments
Oso interesgarria iruditzen zait.ABNaren kontu hau. Ni, oraintxe, informazio bilketa fasean aurkitzen naiz eta oso lagungarria egingo zait eman diguzun laburpena. Dagoeneko hasi naiz irudikatzen eguneroko errutinetan nola sartu datorren ikusturtean. Orain forma pixka bat eman beharko diot. Mila esker zure ekarpenagatik, berriz ere.
Author
Kaixo Amaia
Gozada bat da ikustea irakurritakoak eragina duela geletan. Nik ere hau guztia lantzeko errutinak oso inportanteak direla ikusten dut. Ahal bada gai baten testuinguruan jasota, gainera. Udazkenaz ari bazarete, adibidez, intxaurrak edo hostoak…estimatuz, kontatuz eta kopuruak deskonposatuz; edo bateren baten urtebetetzea bada egun horretako zenbakia aztertuz, edo fruta jaten baduzue (ez dakit zergatik jaten den fruta HHko hainbat lekutan eta gero LHn ohitura hori galtzen den!) aleak edo zatiak kontatuz, deskonposatuz…
Kontatu eiguzu nola doakizun datorren urtean, eta argazkiak…bidaltzea baduzu, perfekto! Bitartean uda on-ona izan dezazula.