FILOSOFIA

P1010779

Kaixo lagunak

Leire Arana nauzue; hiru haurren ama eta aspaldi xamar fisikan lizentziatua. Ofizioz eta bokazioz irakaslea; izan ere, 90eko hamarkada bukaeratik hona jardun dut irakasle lanetan, tartean zortzi urte etxean egin ditudalarik nire txikiak zaintzen. Gaur egun, ordaindutako lanera bueltan nago; gogo-betez gainera. Batxilergoan jarduten dut nagusiki eta DBHn apur bat. Hemen idazten aritzeko arrazoia ere aipatu beharko dut, noski: matematika maite dut; asko, gainera.

Fisikako ikasketak bukatu nituenean baneukan ikasi beharreko guztia ikasita neukanaren sentsazioa. Ez dakit sekula hain oker egon ote naizen!

Irakasle lanetara ere halako ideia sinple batekin hurbildu nintzen: “irakatsi beharreko guztia ondo ezagutzen dut… seguru erraza izango dela haur eta gazteekin hain gauza “errazak” irakasten jardutea”-esaten nion nire buruari.  Berriz ere, ezin okerrago nengoen, noski.

Gero ama izan nintzen; oraingoan bai, banekien ez zela ez sinplea eta ez erraza izango. Eta oraingoan bai, bete-betean asmatu nuen. Ez da inola ere erraza izan… baina bai ederra.
Bai nire etxean eta baita nire lanean ere, etengabe agertzen zaizkit nire mugak muturren aurrean. Zenbat gauza txiki eta haundi ikasi ditudan bi lekuetan! Zenbat aldiz egiten ditudan hanka sartzeak! Zenbatetan ez dudan asmatzen nire seme eta ikasleekin!
Eta baita ere, eta eskerrak, zenbat aldiz lortzen dudan bide egokia aukeratzea… eta zein ederra den horrelakoetan. 

Total, ikasketak bukatu eta hainbat urtera, oraindik ere, ikasten jarraitzen dudala; horixe da gaur egun ziurtasunez esan dezakedan gauza bakarrenetakoa. Gustura ikasten, gainera.

Beraz, jada ezagutzen duzue niretzat inportanteenak diren gauzen zerrenda: gure etxeko txiki eta haundiak, ikasle eta ikastolako lankideek osatzen duten mundua, matematika (eta zientziak orohar) eta, batez ere, ikasten jarraitzea.

Zerrenda horretako 4 elementuek, batera hartuta, ekarri naute orrialde eta proiektu honetara. Izan ere, makina bat urtetan sarriegi ikusi ditut ikasleak matematikarekin sufritzen. Batzuk lortzen dute benetan gustuko izatea eta eroso sentitzea. Askok beldurrez eta gorrotoz bizi dute gaia eta gehienek asperturarekin lotzen dute. Eta hori non, noiz eta nola sortzen den jakin nahi izan dut. Eta uste dut gaur egun badaukadala erantzuna…edo hau osoa ez bada ere, erantzunaren zati bat. 

Bi faktore azpimarratuko nituzke nagusiki:

Hasteko, irakasleak eta inguruak haurrarekin daukan harremana; haurra gelan eroso ez badago eta seguru ez bada sentitzen, ez da prest egongo aurrean jartzen diogun gai, jarduera edo proiektuari aurre egiteko. Ezinbestekoa da irakasleon partetik harreman hori zaintzea eta haurraren ezaugarriak, momentua eta zirkunstantziak ezagutu eta kontuan hartzea.

 Bigarren faktorea, berriz, metodologikoa eta tenporala da. Ez dakit nondik datorren gaur egungo matematikaren enfokea, baina bai dakit berez gai ederra dena, iluna, iristezina, mekanikoa eta aspergarria bilakatu dugula denon artean.

Gaiak berez dauzkan jostagarritasuna, ukigarritasuna eta naturaltasuna galdu ditu. Paperean edo ordenadorez jardun izan dute ikasleek urteetan, ariketak eta eragiketak egin eta egin, zenbaki hutsez eta testuinguru esanguratsurik gabe, bide bakarreko algoritmo ilunak bereganatzeko esfortzuan.
Benetako neurketak apenas egin izan diren, geometria ukitu eta eraiki eta manipulatu ere gutxi egin izan da eta, berriz ere esango dut, oinarrizko eragiketen instrukzioak ikasteko hauek errepikatu eta errepikatu egin behar izan dira. Zehaztasunaren bila ibili gara bakarrik eta gutxi gorabeherakotasunari apenas lekurik egin gabe. Askotan, gainera, ikasleek oso gaitasun murritzak erakusten dituzte, gerora zein bidean, benetako egoerei eta problemei erantzuteko.

Arrazoi tenporalak ere aipatu ditut…uste baitut haurren momentua ez dela behar adina zaindu izan. Izan ere, ikastetxeetan ezartzen dugun erritmoan asko dira enkajatzen ez duten haurrak. Adibidez, gelan zenbakiak idatziz erabiltzen hasten garenean eta eragiketak idatziz egiten hasten garenean seguru haur batzuentzako goizegi dela eta beste batzuendako beranduegi. Bi eratako haur horiei ez diegu bide alternatiborik aurkezten aurrera egin dezaten. Eta horrela, poliki-poliki hainbat haur zulo batean erortzen joan izan dira matematikaren munduan. Zulo horretan frustrazioa, beldurra eta aspertura garatu dituzte hainbatek. Betirako iraunten duen sentsazio sorta, hainbat eta hainbat kasutan.

Horren kontra jardutea da webgune honen helburua. Altu eta ozen. Lau haizeetara. Matematika bizitzeko beste modu bat dagoela aldarrikatu nahi dut; euskaraz. Gure hizkuntzan, gure herrirako. 

Sena eta intuizioa errespetatuz eta landuz

Zentzumenak aktibatuz

Jolastuz eta gozatuz

Ikertuz, esperimentatuz eta deskubrimentuak eginez

Bide anitzak jorratuz

Bide hau nirekin batera egin nahi baduzu…zatoz! Ateak zabalik daude denontzako: gurasoa, irakaslea edo ikaslea bazara…eta batez ere ikasteko gogoz bazaude. Bide luze eta ederra daukagu aurrean!

Bukatu aurretik leku hau aprobetxatu  nahi dut aprendiendomatematicas.com helbideko Malena eta Jordiri eskerrak emateko, beraiekin hasi nuen bideko emaitza baita webgune hau. Ez dadila izan helmuga bat, hasiera bat baizik.

Permanent link to this article: http://matematiketan.eus/lh/