Magnitude eta unitateen munduan jarduten ikasteko, piszinan igeri egiteko bezala, egin behar den gauza bakarra neurketak egitea da hain zuzen ere; asko eta askotan. Bestela, gauzak mekanikoki eta itsu-itsuan eginda ikaragarrizko unitate aldaketak egiteko gai izango gara; nolabaiteko aplikazioa izan dezaketenak eta inolako zentzurik ez daukatenak ere bai, baina ez dugu tutik ulertuko; eta batez ere ez zaigu piztuko magnitude baten kasuan asko zer den eta gutxi zer den jakiteko sena.
Adibide azkar bat jarriko dizuet. Prest?…
Ba al daki bateren batek 0,023 dekalitro zenbat den? Asko ala gutxi? Eta 23 dezigramo? Eta 0,3 hektometro? Horrelako kopuruekin egiten dira unitate aldaketak liburuetan, komak aurrera eta atzera dantzan jarrita.
ABSURDUA eta batez ere ASPERGARRIA!!
Nire proposamena, hasieran esan dudana da. Neurtzea; benetan neurtzea dagokion tresna eskuan hartuta. Jolas asko pentsa daitezke hemen ere. Gaur batekin konformatuko gara eta 3 magnitude jarriko ditugu martxan. Distantzia, (luzera, zabalera…) masa eta bolumena. Ikerketa txiki bat egitea da proposatzen dudana.
MATERIALAK
- Gelako edo etxeko tresnekin egin ahal izango dugu gainera. Honakoak beharko ditugu:
- Balantza bat (hasieran ahal bada pisuekin orekan jartzeko horietako bat)
- Jostunek erabiltzen duten metro flexiblea
- Bolumenak markatuta dauzkan ontzi bat; pitxar bat, edo eskalatuta dagoen bidoi bat. Bidoia itxia bada goikaldea moztu beharko diozue.
- Gelako edo etxeko objektuak hartuko ditugu, aukeratu dugun pitxar edo bidoian sartzeko modukoak. Adibidez: janari pote zilindrikoak, esne kaja bat, fruta ale bat, beteta dagoen yogur pote bat, kalean hartutako harri bat…
PROZEDURA
Masarekin hasiko gara:
1) Aukeratutako objektuak (hasi agian 2 objekturekin eta hurrengo saiakeretan haunditu kopurua) eskuetan erabili eta aurreikuspen edo estimazio bat egin beharko dute partehartzaileek zeinek masa gehiago izan, zeinek gutxiago edo zailagoa dena, masaren arabera ordenatuz.
2) Balantzarekin masa kalkulatuko dugu. Orekatzeko horietako balantza bat bada, konparazioak eginez jokatu ahal izango dute ordenazio bat egiteko, eta gero pisuekin benetan neurtu. Balantza elektronikoa bada, masa lortuko dugu zuzenean.
Bolumena neurtzeko: Ariketa mota bera egin daiteke.
1) Bete urez pitxarra edo bidoia marka jakin baterarte.
2) Murgildu objektua uretan eta ikusi zenbat igo den uraren maila.
3) Lehen urak zeukan mailarekin dagoen diferentzia neurtuta, objektuaren bolumena izango dugu.
Ikusiko duzue jarudnaz, bolumenen ariketak joku haundia ematen duela, asko baitira sortzen diren zalantzak eta proposamenak.
Ariketa bikaina izan daiteke, esate baterako, esne kaja batek benetan 1 litro daukala konprobatzeko kaja bera pitxarrean murgilduz.
Edo bestela, zer pasaten da metodo honekin objektu batek flotatu egiten badu? Kalkulatu al daiteke bolumena?
Eta ura zurgatzen badu, esponja batek bezala?
Eta objektu haundiegia bada ontzi baten sartzeko?
Etxeko edalontzi arruntek litro laurdena daukatela esaten da. Gure pitxarrean sartuz gero, ordea, ez du emaitza hori emango. Zergatik?
Luzerarekin: Hemen atal interesgarri bat zabalduko zaie umeei. Izan ere, aukeratutako objektu guztiek izango dituzte neurtzeko moduko “leku” asko. Zabalerak, altuerak, sakonerak… Eztabaidatzeko momentu ederra eta, batez ere, egoera sortuz gero objektuen proiekzioan marrazten hasteko momentu ere bai. Marrazketa teknikoaren hastapena izango ote da momentu hau? Gogoratu objektu baten proiekzioak “in situ” ateratzeko argazki makina bikainak dauzkagula ia guztiok mobiletan! Hori guztia urrun geratzen zaiela ikusiz gero, altuera aukeratu (edo beste bat, noski) berau neurtu eta kitto.
Ariketaren amaieran taula bat eraiki dezakete estilo honetakoa:
MASA | BOLUMENA | LUZERA | ||||
Estimazioa | Neurketa | Estimazioa | Neurketa | Estimazioa | Neurketa | |
1 objektua | ||||||
2 objektua |
Taula besterik gabe bete egin daiteke, edo norberaren estimazio onena zein den begiratu, edo umeen artean estimazioren baten asmatu duten ikusi… Hori zuek ikusiko duzue.
Ia neurketa guztietan hamartarrak agertuko zaizkigu. Zenbait umerentzako lehenego kontaktua izango da eta modu naturalean jasoko dute kontzeptua.
Gaztetxoekin ari bagara, proposamen honek bide interesgarri asko hartu ditzake. Adibidez, pelota baten erradioa ndorioztatu ahal izango dugu bolumena neurtzeko sistema honekin. Eta kalibre bat eskura izanez gero pilotaren diamteroa neurtzeko, π zenbakia ere kalkulatu ahal izango dugu.
Eta beste hainbat gauza guri agian ez baina beraiei bururatuko zaizkienak. Adi egon, beraien ideiak jasotzeko ere.
2 comments
DBHko 4. kurtsoan ere nire esperientziaren arabera behintzat ikaleek ez daukate hondino oso argi zer den metro kubikoa (kilolitroa), dezimetro kubikoa (litroa) eta zentimetro kubikoa (mililitroa). Ondoko galderei hasierako erantzunak errealitatetik oso urrun egoten ziren:
Zenbat ikasle (ondo plegatuta) kabiduko lirateke metro kubiko batean? (harritzen dira 10 baino gehiago izan litekeela)
Zenbat litrotako bolumena dauka ikasle batek?
Zeintzu objektuk daukate gutxi gora behera mililitro bateko bolumena? (partxis-eko dadoa, kanika, …)
Zeintzu objektuk daukate gutxi gora behera litro bat? (litroko tetrabrikak, olio botilak, …)
Oso langungarria da gelan izatea metro kubiko bat eraikita (metro bateko 12 listoiekin egin ahal da), dezimetro kubikoak (material didaktiko saltzen duten empresek plastikozko eta transparentea eskeitzen dituzte) eta zentrimetro kubikoak edo mililitroak (material didaktikoan erraz aurkitzen da). Benetako tamainak ikusten dituztenean hasten dira bereganatzen hainen arteko erlazioak.
Polita da ere ikustea ikasleak metro kubikoan sartzen!!! kar kar kar
Author
Hain zuzen ere bolumen txiko eta haundien argazkiak eginez jardun dugu gelan pasa den astean (metro kubikoa eta hektometro kubikoa eraiki egin ditugu listoi batuzk erabiliz) JArriko ditut argazkiak halako batean. Milesker zure ekarpenagatik.