Jolasaren balioaz jardun izan dugu maiz webgune honetan eta, beraz, ez naiz hasiko jolasak matematikako hainbat eduki lantzeko aproposak zergatik diren argudiatzen.
Bai esango dut Yam deituriko hau sarri erabiltzen dudala. Arrazoi ezberdinengatik gainera.
Oso dibertigarria delako, lehenengo eta behin. Ez umeentzako bakarrik. Helduok ere jolasteko modukoa baita.
Bigarrenez, matematikako eduki asko mobilizatzen dituelako; tamaina ezberdinetako batuketak, kenketak, biderketaren bat, zenbaki negatiboren bat, probabilitatea, buruzko kalkulua, ondorioztatze logikoa, estrategia…
Hirugarrenez, bertsio orijinalaz haratago errazteko zein zailtzeko aukerak ematen dituelako (ia jolas guztiek bezala) Izan ere, LH 1 edo 2rako erraz egokitu ahal izango litzateke. Nik aurkeztuko dizuedan bertsioa, hala ere, LH3 edo LH4tik aurrera aproposa dela uste dut. Eta “aurrera” diodanean, benetan “aurrera” esan nahi dut. Izan ere gustura ikusiko nituzke batxilergoko ikasleak probabilitateko kalkuluak egiten jolas honen baitan.
Azkenik, aipatuko dut arrazoi ekonomikoa ere, ez baitago ia ezer ere erosi beharrik: Folio bat, arkatza eta 5 dado besterik ez dira behar Yam-en jarduteko.
Horrenbeste arrazoi eta laudoriorekin badirudi jolas bereziren bat ekartzen dudala gaurkoan. Ez da hala; bat gehiago besterik ez da. Jolas aberats eta interesgarri asko eta asko baitaude. Kontua da gure buruetan zerrenda on bat izatea; kontrolatuta eta matematikoki zukututa, edozein momentutan gelara ekartzeko prest.
Ezagutu nahi duzu jolasa bera nola egiten den?
Yam dado-jolasaren arauak:
- Jokalari bakoitzak 13 botaldi egingo ditu jolas osoan eta aldiro bere taulako leihoren baten emaitzaren bat jarri beharko du.
- Botaldi bat honakoa da: 5 dadoak botatzea eta atera den emaitzatik abiatuta, asko jota birritan, nahi adina dado berriz ere botatzea, bilatzen den jokaldia lortzeko saiakeran.
- Botaldiaren ostean ondoren datozen jokaldiak lortuz gero puntuak jaso ahal izango ditu bere zerrendan jokalariak.
- Oso litekeena da botaldia bukatu eta gero goiko jokaldietako bat bera ere ez izatea. Halakotan 3 aukera daude:
- Emaitzen batuketa zenbaki txikia bada, batuketa hori “minimoa” ren laukian jasotzea.
- Emaitzen batuketa kopuru handia bada, batuketa hori “maximoa”ren laukian jasotzea.
- Aurrekoak beteta badaude, edo besterik gabe, hala erabakitzen bada, 0 puntu jartzea laukietakoren baten.
- Laukiren baten puntuazioa jasota lehenago jasota badago, berriz ere jokaldi bera ateraten bada, jada ezingo da dagokion laukia berriz bete.
- Hirukote guztiak betetzen dituen jokalariak beste 30 puntu bildu ahal izango ditu.
- “Maximo” eta “minimo” laukien kasuan, puntuen azken batuketan, bien arteko kenketatik ateratzen diren puntuak kontatuko dira. (Posible da,beraz, minimoan jasotako zenbakia maximokoa baino handiagoa izanez gero emaitza negatiboa izatea eta ondorioz puntuak batu beharrean kendu beharra)
Puntuak jasotzeko ondorengo plantilla beharko duzue:
Jolastu osteko analisia
Jolasek berezko aberastasuna dute beti. Hala ere, jolastu ostean; estratejiak garatzeko beste jolastu ostean, analisia egitea izan daiteke are aberatsagoa izango den jarduera. Kasu honetan analisian honako aspektuak aztertu daitezke, taldearen ezaugarrien arabera:
- Zein trebezia edo ezagutza matematiko behar dira jolas honetan?
- Jokaldi egokienak aukeratzen badakigu? Adibideren bat gogoratzen dugu?
- Zein da maximoan jarri daitekeen zenbakirik handiena? Eta txikiena? Zein da, beraz atal horretan lortu daitekeen emaitzarik handiena? Zer da handia eta txikia atal honetan?
- Zein da taula osoa beteta lortu daitekeen puntuaziorik handiena? Eta txikiena? Puntuazio totala 0 izan daiteke?
- Elkarri aholkuak ematea ondo dago? Baimenduta dago?
- Jokaldien interpretazioak: Errepokerra pokerra ere bada? Eta hirukotea? Eta full-a? Full-a hirukotea kontsideratu daiteke?
- Jokaldien puntuazioak bat egiten du berau emateko zailtasunarekin? Hau da, pokerra lortzea errazagoa da eskilara baino? Zailena errepokerra da? (Hemen probabilitateen analisia egin daiteke.)
- Errazagoa da errepokerra 6koekin lortzea 2koekin lortzea baino?
- 0ak non jarri nola aukeratzen dugu? Non komeni da 0a jartzea batekoen hirukoteetan ala errepokerrean?