Lau lerroan: 10 bertsio adin guztietarako

Inprimatu, plastifikatu eta jolasean berehala jartzeko moduko plantilla sortarekin gatozkizue gaur. 4 lerroan jolasaren bertsio anitzak jarriko dizkizuegu eskura.

Izan ere, badaude jolasak oinarrizko bertsiotik haratago matematikako beste aspektu batzuk praktikan jartzeko erabiltzen ditugunak. Dominoa eta bingoa izan daitezke adibiderik ezagunenak. Baina partxisa eta antzarren jolasa ere badakizkigu “tuneatzen” helburu matematikoei erantzuteko.

Zerrenda horretan kokatu dezakegu “lau lerroan” jolasa ere. Ikus dezagun etapa bakoitzean zein erabilera eman diezaiokegun:

HHn OINARRIZKO JOLASA

Adin honetan ohiko eredu komertzialarekin jardungo dugu. Koloreak lerrokatuz, alegia. Bukaerara iristean, fitxak kontatzeko erabili daiteke jolasa eta konparazioa egiteko, ea nork sartu dituen gehiago edo nork gutxiago.

LH1-2 IKASTURTEETAN 4 AUKERA EZBERDIN

Banan-banan jarrita:

1) Taula pitagorikoa batuketekin

Taula pitagorikoa betetzeko jolasa proposatu daiteke. 2-4 lagunek jardun ahal izango dute. Plantilla, kolore ezberdinetako boligrafo bana eta 12 arteko zenbakiak dituzten bi dado beharko ditugu.

Dadoak bota eta kopuruen batuketa egin beharko du jokalariak eta taulan dagokion lekuan emaitza idatzi bere koloreaz. Horrela txandakatuz joango dira, harik eta bateren baten 4 emaitza lerroan lortu arte.

2) Ehuneko taularekin egiteko jolasa

Hemen ere plantilla, dadoak eta errotulagailuak beharko ditugu. Dadoak bota, batueta egin eta 100eko taulako emaitza markatuz jokatu beharko dugu.

3) 100en lagunak bilatzeko jolasa

Hemen mekanismoa berdintsua da, baina dadoa botata ateratzen den zenbakiaren osagarria topatu eta markatu beharko du jokalari bakoitzak.

4 eta 5) Kenketekin eta batuketekin

Plantilla berean dauzkazue batuketen eta kenketen ereduak. Lehenago ere ekarrita geneukan jolas hau. Bina dadorekin egitekoa da.

LH3-4 IKASTURTEETAN, BIDERKETEKIN

6) Taula Pitagorikoa biderketekin

Hemen benetako Taula Pitagorikoa dakarrau. 12arteko dadoak hartu eta ateratzen diren zenbakien biderketa egin beharko dute jokalariek.

Aurreko kasuetan, baliteke batuketa edo biderketaren bat buruz egiten jakin ez eta materialak erabiliz edo papelean idatziz topatu beharra erantzuna. Jokalariek edo gelakideek adostu egingo dute “laguntza” hori posible den ala ez eta zenbatetan erabili daitekeen.

7) Bikoitzak

20 aldeko dadoa botata jarduten da hemen. Beste aukera bat, 10eko bi dado erabiltzea da. Interesgarria da jolastu eta gero bikoitzak, kopuru bikoitiak eta 2ko biderketa taula lotzeko egituratzen lana egitea.

LH 5-6 IKASTURTEETAN BOROBILTZEAK, ZATIKIAK eta ZATIKETAK

8) Zatiketekin buruzko kalkulua

Badaude (nire ustez, beti ere) zatiketa batzuk eskuz egiteko aproposak, beste batzuk zuzenean kalkulagailuarekin egitea merezi dutenak eta, azkenik, buruz egiteko modukoak. Hirugarren talde hauetakoak mobilizatu nahi ditu taula pitagorikoaren hirugarren bertsio honek.

9) Kopuruen borobiltzea lantzeko jolasak

Hurrengo proposatzen dudan jolas-sortan, kopuruen borobiltzea lantzen da. Ehunekoetan, milakoetan eta hamartarrak dituzten zenbakietan. Borobiltzeak, estimazioen munduan murgiltzen gaitu. Eta kopuru edo zenbakiaren ulermena kolokan jartzen du, borobildu ahal izateko oso argi izan behar baita kopuru horren izaera.

Azpian deskargatzeko moduan jarri dudan artxiboan 3 jolas ezberdin daude.

10) Zatikiekin lanean

Hurrengo plantillan, 1-6 tarteko zenbakiak hartzen dituzte zatikiak erabiliko ditugu. Batzuta zatikia bera izango dute aukeran, edo zatiki inpropioa edo zenbakia hamartarrekin idatzita. Dadoetan ateratzen den zatikiaren baliokidea den edozein kopuruk balioko du markatzeko.

Permanent link to this article: https://matematiketan.eus/2019/03/31/lau-lerroan-10-bertsio-adin-guztietarako/

Utzi erantzuna

Your email address will not be published.