Parentesiak: Eragiketen lehentasuna

LH4 eta LH5 inguruan agertzen dira lehenengo parentesi matematikoak eta hasten da eragiketen lehentasuna garrantzia hartzen.

Beste gauza askorekin bezala, lehenengo kontaktu hau egin daiteke esanguratsuak diren egoerak matematizatuta eta jolasetik ala zuzenean instrukzio mekanikoak betetzetik.

Matematiketan-en badakizue zeren zaleak garen, eta beraz, zuzenean ekingo diot proposamenak egiteari.

PARENTESIEZ INGURATUTA GAUDE!

Mahai honetan dauden elementuak deskribatzeko esan daitezke honakoak daudela:

3 ontzi +6 zotz+arraina barazkiekin 
edo bestela
3x(ontzia+2 zotz) +arraina barazkiekin

Honelakoak jatorduetan edo, bestela ere, kalean edo ikasgelan, egituraren bat errepikatzen denean kontaketa orokorrak egiteko erabili daitezke.

Esaterako, irudian dagoena deskribatzeko bi modu daude:

Bi mahai+4 aulki
edo
2x(mahaia+2 aulki)

Ondorioz, edozein segida erabili ahal izango dugu parentesien erabilera praktikatzeko:

Irudi honetako elementuekin,
6 urdin+3 hori esan genezake, edo 3x(2 urdin+1 horia)

MATH DICE…LH1eko JOLAS HURA BUELTAN

Jolas hau LH1en 12 arteko kopuruen deskonposaketa lantzeko erabiltzen da. Orain, jolas-arauak aldatuz parentesien erabilera sustatzeko erabiliko dugu.

3-4 jokalarik jolasteko modukoa izango da eta dadoez gain erloju bat ere beharko dute jolasteko. Dado zuria botako du jokalari bakoitzak eta gero koloretakoak. Jolas honetan, minutu baten koloretakoekin eragiketak eginez dado zuriko emaitza lortzeko modu ezberdinak pentsatu eta idatzi beharko ditu jokalariak. Puntuatuko duena izango da zenbat modu zuzen topatu dituen.

Irudian, dado zuriak 6koa agertzen da eta berau lortzeko modu hauek pentsa daitezke:

4+1+1=6
(1+1)x3=6
4+4-1-1=6
(4-1)x(3-1)=6

Ondorioz, jokalariak 4 puntu bilduko lituzke.

KONTAKETAK LABURTZEKO APROPOSAK DIRA

Irudian dadoetan guztira dauden pinporten konkaketak egiten ari dira, modu ezberdinak erabiltzea sustatuz eta erabilitako estrategien inguruko hausnarketa eginez. Parentesien erabilera inportantea da kontaketa handi eta konplexuak egin ahal izateko.

HIZKUNTZA GURE ALDE

Interesgarria izango litzateke idatzitako prozesuak ahoz deskribatzea. Math dicen proposameneko adibidean, esate baterako, lehenengo bi prozesuak horrela adieraziko genituzke:

4+1+1=6 “4ko dadoari 1ekoak batuko dizkiot eta horrela 6 lortuko”

(1+1)x3=6 “1 eta 1 batuko ditut lehenengo eta gero 3arekin biderkatu”

Prozesu bat ahoz deskribatzerakoan, “lehenengo” hitza sartu behar dugunean, idazkera matematikoan parentesiaren beharra dagoela esan nahi izaten du.

Permanent link to this article: https://matematiketan.eus/2019/02/10/parentesiak-eragiketen-lehentasuna/

Utzi erantzuna

Your email address will not be published.