Biderketa taulak ikasi eta ulertzeko 11 mahai-jolas (I)

(OHARRA: 11 JOLASAK BI ARTIKULUTAN BANATUTA JASOKO DITUZUE. INPRIMATZEKO PLANTILLAK ETA AZALPEN BIDEOREN BAT ERE TARTEAN DAUDENEZ, ADI IRAKURRI!

Garai honetan LH3 inguruko umeak biderketa taulei bueltaka hasten dira.

Taulok epe ertain-luzean buruz ikastea izaten de helburua, haien ezagutzak buruzko kalkulua errazten eta azkartzen duela ulertuta.

Nik neuk konpartitzen dut helburua baina bidea nondik hasi eta nola egin, horrek ere asko arduratzen nau, eta gaurkoan, hasteko, horri jarri nahi diot fokua.

KONTZEPTUA BISTATIK GALDU GABE

Biderketak bere baitan daukan kontzeptua galdu egin daiteke mekanizazioaren eta memorizazioaren bidean urratsak itsuan emanez gero. 

Eguneroko bizitzan ikusten ditugun biderketa egoerekin adi egoteak eta Cuisenaire-ren erregletekin jarduteak lagunduko digu kontu hori bistatik ez galtzen.

BURUZ IKASI… EPE ERTAIN-LUZEAN

Biderketa taulak menperatzeko lana ez da  “datorren astelehenerako 3ko taula ikasi” esanaz beteko.  Are gehiago, mandatu horrek presioa jartzen du etxeetan eta umeen bizkarretan.

Bost minututan zenbat biderketa egiteko gai den neurtu nahi izateak ere ez du asko laguntzen kasu askotan. Umeren batzuei bai egokituko zaizkie horrelako proposamen edo erronkak, baina beste askori ez. Beraz, saiatu gaitezen nori bai eta nori ez bereizten.

Izan ere, biderketak egiteko gaitasuna hurrengo 4 ikasturteetan landuko da, modu baten edo bestean: zatiketak lantzean, zatikiak lantzean, unitate aldaketak egitean, ehuneko portzentaiak kalkulatzean…. Badago denbora lan hori presiorik gabe egiteko!

ZEIN DA GURE HAUTUA?

Artikuluaren tituluari erreparatuta ikusiko duzue; jolastuz ikastea, alegia. Gogoratu, hemendik aurrera plantillak ere eskura izango dituzuela inprimatu eta erabiltzeko prest.

Noan, beraz, beste luzamendurik gabe jolasak zehaztera:

LEHENDIK ERE PROPOSATU IZAN DITUGUNAK

Lehendik ere eskura jarri ditugu hainbat jolas proposamen.

  1. “KARTA GERRA”  
  2. “LAUKIEN LASTERKETA” Aurreneko biak lotura honetan azalduta.
  3. “PLAYMOBILEN JOLASA” (loturako bideoan ikusiko duzue izenaren zergatia) hemen daukazue eskura.
  4. ORDENAGAILUAZ jarduteko aukerak, berriz, hemen aipatu genituen.
  5. BIBERKETAREN ALGORITMOA MEKANIZATZEKO  jolasa ere aipatu genuen.

PROPOSAMEN BERRIAK

6. BIKOTE JOLASAK

Taulak konkretu bat ikasteko Biderketak eta emaitzak txarteletan inprimatuta eukitzea eskatzen du.

Txartelak  buelta emanda jarri eta bikoteak topatu eta nork gehiago pilatu izango litzateke jolasa.

Hona hemen bikote jolasa egin ahal izateko txartelen plantilla:

BIDERKETA TAULAK eta EMAITZAK

7. ESTALI ZURE PIEZA JOLASA

Jolas honek taulaz taula jarduteko aukera ematen digu.

teachingheart.net helbideko jolasa

Irudian, 3 dado bota eta batuketaren emaitza estaltzea da proposamena. Guk, proposamen hori eraldatu egin dugu eta biderketa taulen emaitzak estaliaz jolastea pentsatu dug.  Hona hemen, beraz, horretarako plantilla:

ESTALI ZURE PIEZA jolasa; (BIDERKETA TAULAK)

Hurrengo jolasak honako linkean aurkituko dituzue: 

Biderketa taulak ikasteko 11 jolas (II)

Permanent link to this article: https://matematiketan.eus/2018/10/13/biderketa-taulak-ikasteko-eta-ulertzeko-11-mahai-jolas-i/

Utzi erantzuna

Your email address will not be published.