2018ko Martxoaren 8a, martxoaren 11tik begiratuta

Esateko zegoen (ia) guztia esanda dagoenez  ez naiz etorriko hausnarketa eta irakurketa serio eta sakonekin. Nire esperientzia eta gozamenetik arituko naiz gehiena eta bukaeran apur bat matematikatik.

Ostegunean ikusi genituenak historiara pasatuko omen dira. Hizki larriz idatzitako historiara esan nahiko dutela pentsatzen dut.

argia.eus webgunetik hartutako argazkia

Bada, askoz hizki xeheagoez idatzitako nire historia pertsonalean ere aztarna utzi zuen egunak; ikaragarri disfrutatu bainuen.

Gure ikastolako DBH eta batxilergoko ikasle eta irakasleok elkarrekin egin genuen goiza han eta hemen elkarretaratzeetan parte hartuz; ikasleek haiek deituta gainera.  Ze ona! Nire semeek ere nirekin bizi ahal izan zuten goiza.  Bi txikienek ez dute gauza haundirik ulertuko  oraindik, baina zaharrenak egin zituen egun honen harira hausnarketa interesgarriak.

Nire ikuspegitik gaurkoa zaindu eta aldarrikatzea bezain inportantea baita gure ondorengoengan berdintasunaren eta errespetuaren hazia ereitea eta haziok ureztatzea, gerora uzta are aberatsagoak  lortu nahi baditugu. Hala izan bedi!

Bukatzeko, benetan hunkitu nauen argazkia gehituko dut. Gure ikastolan atera genuen kide guztiok jolastokira jaitsita. Argazkia bera “esferikoa” dela pentsatzea dut gustuko, nahiz eta badakidan ez dela guztiz egia. 

Arizmendi ikastolako Almenen Unai Busturia lankideak egindako lan tekniko eta artistikoa duzue hau.

PD: Proposamen matematikoren bat gehitzea faltan bota duenarentzat, hona aukerak:

 

UME ZAHARRAGOENTZAKO

Kopuru eta eragiketak lantzeko: Egun honen garapena edo jatorria aztertuz kopuruak agertuko dira edonon.
Positiboan jardun nahi baduzue emakume edo herrialde parte hartzaileen kopuru eta estimazioak aztertu ditzakezue. Gordinean jardunez gero, ordea, erasoak jasandako edo genero-bortxakeriaz hildako emakumeen kopuruak  izango dituzue eskura.  Edo soldaten-arrakalari heldu ahal izango diozue. Portzentaiak eta zatikiak erabili eta landu ahal izango dituzue baten zein bestean.

Logikaren esparruan: Hausnarketa bereziago bati heldu nahi badiozue, hona irudi honekin bururatzen zaidana: Boolen algebrarekin ausartuko al zinetekete  emakume eta gizonek  ditugun edo partekatzen ditugun ezaugarri edo eskubideen zerrenda egitera? horrelako ezatabaida sortuz gero, zer aterako litzateke zuen etxe edo geletan?  Seguru gehien-gehienak erdiko eremuan kokatzen bukatuko zenuketela. 

 

flaticon.es webgunetik ateratako irudia

 

UME GAZTEAGOENTZAKO

  1. Logikarekin zerikusia duen jarduera:  Artikuluaren hasieran ageri den argazkiak, hainbat herri ageri dira. Sailkatu herriok kriterio ezberdinak erabilita. (Probintzia, izeneko hizki kopurua, izenaren lehen hizkia kontsonantea ala bokala izan, hiriburua izan ala ez…)
  2. Zenbakikuntzarekin zerikusia duen jarduera: Bilatu sarean zuen herrian greban parte hartu zuten emakumeen kopuruen estimazioak. Aukera bat da, elkarretaratzeen argazkiak egonez gero, argazkiko jendea kontatzen saiatzea, emaitza zehatza lortzen ez bada ere. Eraiki kopuru hori erregleta edo zotzekin eta egin deskonposaketa eguzkia. 
  3. Eragiketekin zerikusia duen jarduera: Idatzi erregletekin “Martxoak 8” edo “Emakumearen eguna” edo “Berdintasuna eta errespetua” hitzak eta egin erabilitako kopuruen batuketa.
  4. Geometriarekin zerikusia duena: Aztertu ikuspegi geometrikotik emakumearen eta gizonaren sinboloak.

Seguru buruak astinduz beste aukera  batzuk ere ikusiko dituzuela. Hala bada, gogoratu komentarioen atalera bidaltzeko aukera daukazuela. Ikaragarri eskertuko ditugu!

 

Permanent link to this article: https://matematiketan.eus/2018/03/11/2018ko-martxoaren-8a-martxoaren-11tik-begiratuta/

Utzi erantzuna

Your email address will not be published.