Bi jolas ekartzen ditut. Bata kanpoan egiteko modukoa eta bestea egun euritsuetarako.
Lehenengoarekin gaur ibili gara, kasualitatez, hondartzan, eguraldi bikaina aprobetxatuz. Sinpleagoa ezin, argazkietan ikusiko duzuenez:
Gure etxeko ertainak berak proposatu du jolasa. Ezin duzue imajinatu nolako abiaduran jaiki naizen jolastera!
Lehenengo batuketekin hasia denez, “dianan” jotzen zuenak 3 puntu lortzen zituela pentsatu dugu; bigarren zirkuluan joz gero 2 eta lehenengoan puntu bakarra.
Umea bera izan da puntu zerrenda lurrean idatziz jasotzeko arduraduna eta bukaeran puntuak batu ditugu.
Zenbakiak ez ditu zuzen idatzi eta ez zuzentzea pentsatu dut. Zenbait momentutan laguntza eskatu dit eragiketekin eta hatzamarrak koordinatzen lagundu diot, baina batez ere…gozatuz jardun dugu biok. Ez da beti horrela ateratzen eta horregatik pentsatu dut argazkiak egin eta hona ekartzea.
Ez al da hau gelan egiteko modukoa umeak binaka eta hirunaka jarri eta patioan klarionaz lurrean zirkuluak marraztuz? Eta inguruan hondartza daukazuen ikastetxeetan? Ikusi al duzue nolako altxorra daukazuen hondarretan jarduteko? Zenbat eta zenbat jolas ote daude hondarra baliatuz egitekoak!
Honen bigarren bertsioa (indoor esango diogu!) arraultza-kaja haundiekin egin daiteke.
Zenbaki tartea umearen egoerari moldatuz aldatu daiteke eta eragiketak batuketa ezezik, kenketa edo biderketa ere izan daitezke. Jolasa bezain inportantea da puntuak apuntatzea eta gero bukaerako eragiketa egitea.
Honi lotutako artikulu gehiago ere egin izan ditugu lehenago. Hona hemen loturak begiratu azkar bat eman nahi badiezue ere:
- Gure haurrak eragiketekin hasten direnerako 7 arau
- Lehenengo eragiketak egiteko kutxa
- Kenketa eta batuketa txikiak praktikatzeko 2 jolas