Zein umerentzako dira egokiak gaur erakutsiko dizkizuedan tresna hauek? Adinik ez dut emango, oso egoera ezberdinak aurkitu baititzakegu. Bai aipatuko ditugu, ordea, kondizio batzuk.
- Eragiketak egiten hasi ahal izateko umeak kopuruaren zentzua ulertuta izan beharko du edo ulertzen hasita egon beharko du. Askoz lehenago hasteak ez dauka zentzurik, umeak ez baitu ulertuko zertan ari den. Hortaz luzeago jardun nuen “Gure haurrak eragiketekin hasten direnerako 7 arau” deitzen zen sarreran.
- Lehenengo eragiketak ez lirateke sekula ere papelean egin beharko. Material konkretuak eskuan erabiliz hasi beharko luke haurrak. Egoera onenak bere jostailuak kontatzean edo jatorduetan sortuko dira; bere bizipenetatik abiatuta, alegia. Hortaz ere sarrera bat aurkituko duzue “Zer landu dezaket umearekin etxean?” izenekoa. Bestela, kutxa hau bezalako tresnekin jolastean.
- Grafia jaso gabe, ordea, bai hasi daiteke. Are gehiago, normalean grafiaren zentzua berandutxoago garatuko dute.
Goian esandakoak kontuan hartu eta gero, etxean eskulan giroan eraiki daitekeen tresna sorta bat aurkeztuko dizuet. Lehenengoa gurean daukagun kutxa hau da:
Objektuak goikaldean jarriko ditugu eta zuloetatik botako. Umeak estimazioak egitera animatuko ditugu. Harriekin 4+3 egiteaz goaz kasu honetan. Grafia ere adierazi daiteke nahi izanez gero.
Banan-bana kontatuko dituzte harriak hasieran. Gero, beranduago, hasiko dira 4tik gora beste hiru gehitzen, edo binak kontatzen. Kontatzean katea apurtzeko gaitasuna garatu beharko dute horretarako.
Kutxaren atzealdean kenketak egin ahal izateko zuloa ere jarri dezakegu. Eta berriz ere estimatuz jokatuko dugu: orain 2 harri ateratzen baditugu, zenbat geratuko dira? Edo alderantzizkoa den galdera: zenbat atera beharko ditut 5 bakarrik geratzea nahi badugu? Estimazioa egin eta gero, konprobazioa etorriko da.
Kutxa nola eraiki? Nik gozoki denda bateko jabeari eskatu nion kartoizko kaxa bat eta forratu egin nuen eta zuloak egin. Komeni da zabala baino altuagoa den kutxa bat izatea, aurreko eta atzeko zuloak egiteko. Umearen eskuak bertatik sartzeko modukoak izan beharko dira zuloak!
Gero bada beste xehetasun bat, agian oso inportantea ez dirudiena, baina eragin txiki bat baduena; zuloetatik zer sartu, alegia. Umearentzako erakargarriak izango diren objektuak izatea komeni da. Harri distiratsu batzuk erabili ditut, baina urrak, intxaurrak, basoan jaostako ezkurrak edo hondartzan jasotako harriak, izozkien makilatxoak… izan daitezke. Zenbat eta esanguratssuagoak izan umearentzako, hobeto.
Beste muntaia batuzk ere aurkitu ditut interneten begiratuta:
Zuek beste tresna dotoreren bat eraikitzen baduzue, bidali argazkia info@matematiketan.eus helbidera eta hemen jarriko dugu. Gustura gainera!