Erosi ditugu regletak, ekarri ditugu etxera, emozioz beteta kutxa zabaldu dute gure umeek…eta zelako sorpresa!! Koloretako makilatxoak txukun-txukun jarrita!! Luzera askotakoak gainera!! Egurrezkoak erosiz gero, ukitzeko ere goxoak dira, erakargarriak, oso.
Zer egingo dute umeek zuen ustez lehenengoz regletak hartzen dituztenean? Ba kutxa hustu eta jolasten hasi…seguruena eraikuntzaren bat eginaz, edo hesi eran jarriz beraien animali edo panpinak bertan sartzeko, edo batek daki zer… jolas libre eta aberatsa edozein kasutan ere. Eta hain zuzen ere hori da eman behar diegun lehenego aukera: beraien kabuz, libreki jolastetuz materiala ezagutzekoa hain zuzen ere. Lehenengo kontaktua horrela izatea komeni da regletekin eta bestela ere aurkeztuko diegun beste edozein materialekin.
Jolas librean asetu eta gero, regletok ezagutzen joateko proposamenak egingo dizkiegu.
HITZAK IDATZI
Edo hizki solteak, edo zenbakiak…nahi dena edo umearen egoeraren arabera egokia dena.
BIKOTE, ORDENAZIO ETA SAILKAPENAK; EGITURA LOGIKOAK ERAIKITZEKO ZUBIAK
Gure etxe digital honetan oso sarri proposatuko ditut bikoteak, ordenazioak (txikitik haundira edo alderantziz) eta kriterio anitzei begiratuz sailkapenak egiteko jarduerak. Oso inportanteak dira umeen ibilibide osoan. DBH eta batxilergoan ere sarri egin izan behar izaten dira horrelako ariketak, sekula pentsatuko ez genuekeen esparruetan, gainera. Hala ere, eta beti bezala, bere biziko garrantzia dauka horrelakoekin aritzeak HHko eta LHko lehenengo urteetan; 5 zentzumenak aktibatuz ahal bada, gainera. Usaimeneko, ukipeneko, dastatuz jarduteko, entzunaz eta nola ez ikusiz egiteko ariketak proposatuko dizkizuet hurrengo sarrera batzutan.
Regleta bakoitzeko bikotea hartu, poltsa baten sartu eta begiak itxita bikoteak egin. Ariketa hau asko gustatzen zaie gure etxekoei. Orohar, begiak itxita egiten duten edozer gauza dute oso gustuko.
Kolore bakoitzeko regleta bana hartu eta txikitik haundirako eskilara egin. Eskilara bera, begiak irekita, edo asko zailagoa izanda ere, begiak itxita egin daiteke. Bukatu eta gero, begiak itxi eta bat kendu eta gero ea zein falta den asmatzera ere jolastu daiteke.
Sailkapenak egiteko momentua, regletak kutxan jasotzen hasten garenean izango da. Umeari galdetuz gero zeren arabera sailkatuko lituzkeen regletak, koloreak aipatuko ditu normalean. Hori da hain zuzen ere kutxan jasotzean egiten duguna. Hala ere ez dezagun ahaztu beste kriterio batzuei begira ere saikal ditzakegula; kolore beroak eta hotzak, esate baterako. Hor zalantza izango da regleta zuri eta beltzekin zer egin. Edo ostadarrean ageri diren eta ageri ez diren koloreak izan daiteke beste kriterio bat… Gustura jakingo nuke zuen etxeetan zein kriterio agertzen duren ariketa haur proposatuz gero. Badakizue, hemen agertzen ez den kriterioren bat entzuten badiezue zuen umeei…idatzi komentarioetan.
MARRAZKIAK ETA IRUDIAK EGIN 2 eta 3 DIMENTSIOTAN
Hortan ere libre jardun dezakete, edo gidatuta, plantilla batzuk emanda. Plantillak leku askotan aurkituko dituzue. Nik, txakurtxoarena, peque-mates helbidean aurkitu dut.
ZENBAKIEKIN LOTURA EGITEKO UNEA IRITSI DA
Oso erraz emango dugu pausua, baina baliteke hainbat haurrek kontzeptua ulertzeko arazoak izatea. Azken finean, abstrakzio gaitasuna eskatzen ari gatzaizkio umeari. Denbora kontua da eta beraz lasai hartu beharreko momentua. Argazki honetan ageri den ariketa behar adina alditan egingo dugu eta batez ere umeak egingo du, bere eskuekin, momentu askotan eta denbora tarte askotan. Gainera, umeari berari utziko diogu hitzetara ekartzen eskuekin egin duena. Zuzenketarik egin gabe, baina guk eredu egokia emanaz erantzungo dugu. “Larrosak 4 txikik edo 4 batekok adina neurtzen du” edo “larrosaren luzera 4koa da” esango dugu hasieran. Gero, beranduago, pasatuko gara zuzenean larrosa 4koarekin identifikatzera eta 4koa behar dugunean erabiltzera.
Koloreen kodean sartuko da berez umea denborarekin, eta luzera eta kolorea identifikatuko ditu automatikoki, baina hasieran asmakizun-jolasak egin daitezke kolorea eta luzera erlazionatzeko.
Zenbakietara hurbildu eta gero, aldez aurretik ikusi ditugun proposamenetako zenbait berriz ere egitea komeni da, hizkera berria erabiliz.
Sarrera honetan agertu diren jarduera denak egin beharrik ez dago. Umearen momentuak eta aldarteak markatuko dute erritmoa. Bai komeni da eragiketekin hasi aurretik haurrak regletak erabiltzen ohituta egotea.