Matematiken ikuspegi hau lantzen eta ezagutzen hasi naizenetik, joera daukat aurrean daukadan edozein objekturekin matematikaren zein adar ukitu daitekeen pentsatzen aritzeko. Eta harrituta geratu izan naiz askotan. Izan ere ia denarekin egin daiteke matematika!!
Hala ere, badaude material batzuk, izan ditzaketen aplikazio kopuruagatik bereziki interesatzen zaizkidanak. Eta gaur, denetan erabilgarrienak aurkeztera natorkizue: REGLETAK.
Kolore biziko makilatxoak dira, luzera ezberdinetakoak.
1etik 10erako luzerak daudenez, makila bakoitza zenbaki batekin identifikatuz jokatzen da.
Horrek esan nahi du regletak erabili ahal izateko, haurrak nolabaiteko abstrakzio gaitasuna euki beharra daukala: 4 neurtzen duen makilatxoa eta 4 bateko izatea baliokideak direla ulertu behar du. Hori ezin du edozein adinetan egin. Beste gauza askorekin bezala, gaitasun hori garatu eta gero erabili ahal izango ditu haurrak regletak.
Hau dela eta, Haur Hezkuntzako geletan ez dira ia regletak erabiltzen, azken urtean ez bada; material konkretuak erabiltzen dira, benetan kontatu daitezkenak, baina Lehen Hezkuntzan ikaragarri lagunduko diote haurrari. Urte askotan gainera, modu egokian aurkezten badizkiogu. Regletekin kontaktua oso maiz izan beharko du, ez lantzean behin bakarrik eta gainera berak erabili beharko ditu bere eskuekin. Ez du balio irakasle edo gurasoak bakarrik erabiltzeak eta bera ikusten egoteak.
Bateren batek esango du….”kontxo! ez dira ba material berriak…aspalditik ezagutzen ditut -eta!” Eta hala da; Cuisenairek zabaldu baitzuen hauen erabilera 1945 urtean. Arlo ezberdinetan erabili izan dira, baina matematikan zentratuz gero, aplikazio sorta eder bat eman diezaiekegu. Adi gero, hor doa zerrenda-eta:
Kopuruak eraiki
Kopuruak konparatu
Kopuruak ordenatu
Bakoiti-bikoiti
Erdia-bikoitza
Sistema hamartarra
Batuketak
Kenketak
+-1,+-10,+-100,+-1000 eragiketak
Biderketak
Zatiketak
Erroketak
Zatikiak
Multiploak
Zatitzaileak
Multiplo komunetako txikiena
Zatitzaile komunetako haundiena
Karratuak
Kuboak
Formula koadratikoen demostrazioa
Pitagorasen formularen demostrazioa
Ekuazioen ebazpenaren lehenengo pausuak
Neurria
Jolas eta buruketa matematikoak
Segidak
Azaleren eta bolumenen kalkulua
…
Ikusi al duzue zerrenda? Ez al da ikaragarri luzea?
Guk etxean badauzakgu, eta oso maiz erabiltzen ditugu. Sarri jo dugu regleten kutxara buruketa baten egoera ulertzeko edo biderketen kontzeptua indartzeko…Ez dira garestiegiak ere. 20€ inguru ordaindu nituen nik bere momentuan.
Prezioak aipatzen hasita, honakoa argitu beharra daukat: material manipulatiboak bilatzen hasita asko aurkituko dituzu han eta hemen salmentan; oso garestiak gainera, gehienetan. Niri, baina, oso injustoa iruditzen zait gure umeekin matematikak beste modu baten lantzeko diru mordoa gastatu beharra. Produktu bat erosi aurretik baloratu egiten dut ea etxean egiteko modukoa den eta batez ere nolako erabilera emango diogun. Regleten kasuan eskura eukitzea ezinbestekoa iruditzen zait. Hori bai, erabiltzeko!
Nola egin ez dakizula? Ba adi egon, hurrengo asteetan eragiketaz eragiketa joango gara-eta, nola egin ikas dezagun.
5 comments
Skip to comment form
Ze ona! Oraintxe ezagutu dut orria eta zenbat ikasiko dudan.
Urte askotan HHko haur txikiekin lanean aritu ondoren, lehenengo mailako koadrila maitagarri bat da aurtengo nire erronka. Ta hor gabiltza besteak beste eragiketak lantzen. Regletak erabiltzen ditugu, baina burukodun batuketa suertatu zitzaigun eta ai ene! Iritsiko al dira haiek nola ebatzi asmatzera? Nola lagun diezaiekedan pistarik bai?
Eskerrik asko denagatik eta zorte on bide berrian!
Author
Kaixo Ainara
Milesker zure komentarioa uzteagatik. Webgune honetako 1. komentarioa egin duzu! Burukoekin zenbat buruko min! Zure galdera erantzuteko jakin nahiko nuke nahi duzuna zehazki zer den: Buruko hori regletekin ari zinetela atera zaizue eta haurrek nola egin ondorioztatzea bilatzen duzu ala burukoak papeleko ariketa baten atera zaizkizue eta regletekin apoiatu nahi duzu kontzpetua? Badakizu zer…hurrengo sarrera baten batuketen gaian dauden aukerak mahai gainean jartzen saiatuko naiz, bale? Ea laguntzen dizun! Ah! Eta esandakoa…milesker!!
Egunon Leire, ba eragiketak regletekin egiten ari ziren eta gero paperean idazteko eskatu nien. Kontua da batzuk buruz egin zutela eragiketak eta 48+24=612 zela esan zuten. Nahiz eta gero regletekin ez zien eman emaitza bera. Zuk uste duzu beraiek aterako dituztela haien ondorioak, zein da nire rola egoera honen aurrean? Eskerrik asko zuri eta Zorionak!
Author
Regletekin ongi egitea seinale bikaina da! Presarik ez badaukazu, ahal bada utzi beraiei ondoriozta dezaten akatsa zein izan den. Horrek ez du esan nahi, ordea eragiketa horretan geldialdi on bat egiteko momentua ez denik eta pasatu dena ongi aztertu behar ez denik. Bide eta metodo ezberdinak daude eta zuri bide hori beraien aurrean jartzea dagokizula uste dut. NIre ustez momentu ona da, talde haundian gainera, batuketa batek bi emaitza hain ezberdin eman izana komentatzeko. Aztertu 612 zenbakia eta 72, alderatu, eraiki regletekin (eta 10 oinarriko xaflekin), kasu erreal batera eraman, (puzle haundi bateko 24 piezari 48 gehituz gero zenbat pieza dauden, edo 24 gozoki eta 48 elakrtuz gero zenbat geratzen diren…), ikasleek kontatu ditzatela piezok benetan 612 edo 72 emaitza zein den berresteko, eta gero, nik erabiltzen dut “kartulinazko kalkulagailua” deitzen den beste tresna bat txotxekin batuketak egiteko ere, non batekoak gomekin lotu behar dituzten hamarreko paketea egiteko…Nik uste dut hor igual ikusiko dutela papelean egiten duten akatsa zein den. Hori ere erakutsiko dizut hurrengo sarrera baten. Sentitzen dut sarrerak nahi bezain azkar ezin egina. Asteburuetan hartzen dut tartea horretarako.
Eskerrik asko, ba saiatuko naiz talde handian zuk esandakoarekin. Eta lasai hartu ez daukagu presarik, euskarri hau izango dugula jakiteak kriston poza eta bababesa ematen dit. Animo!