Covid-aren aurrean: Matematika manipulatzeko eredu birtualak

Ikasturtea interneteko baliabide digitalen zerrenda ekarriz hasiko dut. Erregletak, 10 oinarriko materialak, jolasak, bloke geometrikoak, oreka balantzak, zatikiak lantzeko materialak, adierazpen algebraikoak fisikoki adierazteko materialak… Horrelako baliabide pila eskura izateko aukera izango dugu bertan. Azken finean eduki matematikoak fisikoki islatuta geratzea bilatzen dugu, nahiz eta modu birtualean izan.

Nola ez,COVID19aren inguruan sortu den egoerak eraman nau hauek bilatzera. Hala ere, COVID19rik gabe ere, etxean erabiltzeko edo material fisiko kopurua mugatua den lekuetan erabiltzeko modukoak direnez, hemen doa zerrenda: 

MATHIES izenekoa Kanadako webgune bat da. Material manipulatiboak ezezik, jolasak ere aurkituko dituzue bertan. Lehen Hezkuntzarako Cuisenairen erregletak eta bloke geometrikoak, zenbaki lerro ezberdinak eta kontaketa egoerak lantzeko teselak. DBHrako, berriz, zenbaki osoekin jarduteko, zatikiak lantzeko eta espresio algebraikoak adierazteko tresnak dauzkazue eskura bertan.Hemen daukazue bertara iristeko lotura.

DIDAX etxeak materialak fisikoki erosteko aukera badu ere, haien webgunean hainbat baliabide digital interesgarri jarri dituzte. 10 oinarriko materialak, esate baterako, LH3-4 tik aurrera kopuru handiak adierazteko ezinbesteko direnak. Geoplanoak, polikuboak edo jokoetan erabiltzeko dado eta spinner birtualak ere badauzkazue bertan. Hemen bertara iristeko lekua.

NRICH-eri buruz lehenago ere jardun izan dut matematiketan.eus-en. Leku aparta da. Matematikaren ikuskera oso interesgarria aurkezten du. Jarduera, buruketa eta jolas ezin aberatsagoak proposatzen ditu. Jarduera dena delakoa izanda ere, bukatu eta gero hausnarketara eramaten gaituzte bertan. Egindakoa behatu, ondo identifikatu, loturak egin eta aberastea bilatzen dute horrela.

NRICH ez da baliabide digitalen leku bat espreski, baina bai da jarduerak eta jolas interaktibo oso interesgarriak bilatzeko lekua. Webgunera iritsi nahi baduzue, klikatu ezazue hemen.

PHET da gaurkoan hona ekartzen dudan azkena. Coloradoko Unibertsitateak garatutakoa eta euskarara itzulitakoa. Hemen LH3tik aurrerago erabiltzeko baliabide mordoa aurkituko duzue. Baita DBH edo batxilergorako ere eta matematika ezezik beste fisika eta elektrizitatearekin lotutako simulazioak ere badituzue bertan. Hona hemen bertara iristeko lotura. 

Permanent link to this article: http://matematiketan.eus/2020/09/08/matematika-manipulatzeko-eredu-birtualak-b/

Utzi erantzuna

Your email address will not be published.