Gure etxeko ikerketa baten errelatoa; noiz beteko zaio bateria tablet-ari?

Semeak berak bota du galdera; zenbat denbora behar du tabletak bateria betetzeko? Proposamena ere semeak egin du: hurrengo %1 betetzen zenbat denbora behar duen kontatzea eta hortik orotara zenbat denbora beharko duen kalkulatzea. 

Hori entzunda ni neu ere piztu egin naiz eta ikerketa egiteari ekin diogu.

HIPOTESIA:

Gure semearen hipotesia, beraz, bateria modu linealean kargatzen dela pentsatzea izan da.

PROZEDURA:

Jada bateria %19an zela ahoz kontatu dugu zenbat denbora behar zuen %20ra iristeko: 125 sg izan dira; 2 minutura borobildu dugu.

Berriz ere 10-oinarriko xaflan ikusi dugu %80 falta zela betetzeko. 

80×2=160 minutu beharko dituela aurreikusi dugu; 2 ordu eta 40 minutu, alegia. 12:00etan ari ginenez lan hori egiten, aurreikusi dugu 14:40an beteta egon beharko litzatekela bateria.

EMAITZA

14:40 iritsi denean ikusi dugu bateria %95ean zegoela beteta. Ez zitzaion asko falta, baina oraindik ere %100etik urrutitxo, gure kalkuluen arabera.

ONDORIOAK:

Gure aurreikuspenarekin ez dugula asmatu erabaki dugu. Egindako prozeduran akatsa zein momentutan egin ahal izan dugun pentsatu dugu. Hainbat aukera atera zaizkigu::

  • 125sgtik 120 sg-ra borobiltzean egon daiteke arazoa.
  • Ahoz azkarregi kontatu izana izan daiteke arazoa.
  • Ahoz polikiegi kontatu izana izan daiteke arazoa.
  • Bateria hasieran azkarrago eta bukaeran polikiago betetzea izan daiteke. (betetzea ez-lineala izatea)
  • Bateria hasieran polikiago eta bukaeran azkarrako betezea ere izan daiteke. (betetzea ez-lineala izatea)

2 eta 5 aukerak berehala deskartatu dugu, logikaz pentsatuta, hala izanez gero bateria jada beteta egon beharko bailitzateke.

1,3 eta 4en artean erabakitzeko, honako neurriak pentsatu ditugu hurrengoan tabletari bateria hustutzen zaionerako:

  • Denbora benetako kronometroaz neurtuko dugu.
  • Ez dugu borobiltzerik egingo.
  • %20 inguruan neurtuko dugu %1 eko igoerarako zenbat denbora behar duen eta %80aren inguruan errepikatuko dugu neurketa, ea bateriaren portarea aldatzen den ikusteko.

Horraino iritsiko gara gu seguruena, hurrengo urratsak sakonagoak izango bailirateke; bateria bera nolakoa den, kargatzeak zer suposatzen duen… Politena izango litzateke galdera horiek semeak berak egitea… Ikusiko dugu!

Azken finean prozesu zientifiko askorekin bezala, lehenengo urratsa besterik ez dugu egin. Horrela baita benetako zientzia…aurrera poliki-poliki egiten duen disziplina. Faktore guztiak kontuan hartzen saiatu eta faktoreok proban jartzen jarduten baita bertan, espero duguna betetzen den ala ez ikusteko, hipotesi berriak egiteko.

Gero, badaude hain benetakoak ez diren prozesu ez hain zientifikoak, noski. Interesen arabera emaitzak moldatzen dituztenean, nahita irakurketa partzialak egiten dituztenean, inolako justifikazio zientifikorik gabe probatutzat kontsideratzen direnean edo hain zuzen ere hipotesiak probatzeko etikaren bidea alde batera utzita jarduten denean ikusten ditugu horrelakoak. Nahi baino maizago, eta nahi baino gertuago. Hori berori ere beste egun baterako utziko dugu agian, ezta?

Bitartean nik nire eguneko poz txikiari helduko diot: semearekin gauza eraikitzaile eta interesgarria egin izanaren sentsazio paregabeari, alegia,

Permanent link to this article: http://matematiketan.eus/2020/06/14/gure-etxeko-ikerketa-baten-errelatoa-noiz-beteko-zaio-bateria-tablet-ari/

Utzi erantzuna

Your email address will not be published.

*