Konfinamendurako eskulana (IV): Hitomezashi sareak

Gaur paperean marraztuz egiteko eskulana proposatuko dizuet. Azken boladan bezala, egiteko erraza, eta lasai eta patxadan jarduteko aproposa. 

Hitomezashi bordatuetan oinarritzen da gaurko proposamena. Ezagutzen al dituzue Hitomezashi bordatuak? Nik oraintsu izan dut beraien berri. Irudi honetan ikusiko dituzue bordatu horien eredu batzuk:

Izenak iradokitzen duen bezala Japonian erabiltzen den josteko teknika da. Sashiko josteko teknikaren antzerakoa omen da, eta gaur egun oihal ederrak sortzeko erabiltzen bada ere, garai batean (XVII. mendetik aurrera) nekazari eta arrantzaleen arropa zulatu edo gastatuta konpontzeko erabiltzen omen zen josteko modu saretu eta geometriko hau.

Hemen, matematiketan.eus-en, hasieran aipatu dizuedan bezala ez dugu josiz jardungo, papelean marraztuz baizik.

Jarri ditzagun, beraz, gaurko lanaren emaitzak izan daitezkeen lanen irudiak:

Nola egin horrelako sarea? Bada, behar den materiala orri kuadrikulatua eta arkatza da.
Orrian laukia markatu eta lerro eta zutabe bakoitzari 0 edo 1 zenbakia egokituko diogu. Lan hori nahi bezala egin daiteke. Badago txanpona hartuta egiten duenik (eta beraz probabilitatezko sarea eraikiko duela esan dezakegu) edo irudi erregurralagoa egin nahian 1 eta 0ak segida gisa banatuko dituenik. Goiko ezkerreko irudikoak, ordea, oso gustuko omen duen 17 zenbakia kode bitarrean hartuta eta dagokion kodea lerro eta zutabeetan jarrita egin du sarea.

0 eta 1 banaketa eginda, lerro edo zutabe horietan marrak eta hutsuneak tartekatuz joango gara. 0 bada modu baten (hutsunetik hasita) eta 1 bada beste modu baten (marratik hasita

Bukatzeko, lana zuri-beltzean utzi daiteke edo sortzen diren eremuak kolore ezberdinekin margotzea erabaki daiteke. 

Modu honetan lerro zuzenen sare geometriko ederra lortzen da. 

Hala ere, eskulana gehixeago konplikatzea nahi badu, beste aukera hauek ere badaude:

 

Ezkerrekoak 1 eta 0en banaketa eraiki du aurreko adibideetan bezala, baina lauki batean 1-1, 1-0, 0-1 edo 0-0 izanez gero marrazki diferenteak egitea erabaki du. Hortik sortu zaio lerro kurbatuen sare eder hori.

Eskumakoa, berriz, 1-0 sarea egitetik hasi baino, dadoan atera zaionaren araberako sarea egin du. Hau da, ezertan hasi baino lehen 1ari irudi bat egokitu dio, 2 ari beste bat… eta dadoa botata atera zaio zenbakiaren irudia eginaz bete du laukia.

Bukatzeko hiru ohar:

Baga: Ideia hauek guztiak twitterren aurkitu ditut #mathartchallenge traolarekin lotuta. @anniek_p erabiltzaileak, esate baterako, egunero egiten du horrelako eskulan baterako proposamena. Gustuko badituzue lan artistiko eta geometrikoak, hortxe daukazue aukera paregabea.

Biga: Honakoa 4. eskulan proposamena duzue. Hona orainartekoak:

Higa: Egindakoaren argazkia bidali blog honetako emailera!

Permanent link to this article: http://matematiketan.eus/2020/04/15/konfinamendurako-eskulana-iv-hitomezashi-sareak/

Utzi erantzuna

Your email address will not be published.