Jolas proposamen ezin errazagoa ekartzen dizuet. 3 zifra edo gehiagoko zenbakiekin jolasteko egokia denez, LH2tik gora jardun daiteke. Hamarrenak edo ehunenak ere onartuko lituzke, gainera.
Materiala, orri bat, boligrafoa eta 0-9 tarteko dadoa izango lirateke.
Jolasaren arauak jolasteko baino zailagoak izaten dira normalean deskribatzeko, beraz urratsez urrats kontatuko dizuet nola jolastu eta irudia gehituko ulergarriagoa izan dadin:
- Erabaki egin behar da zenbat zifrako zenbakiekin jardungo den eta zenbat aldiz errepikatuko den jolasa. Esate baterako, demagun 3 zifrako zenbakiekin arituko garela eta 10 aldiz errepikatuko dugula prozesua.
- Orrian, jokalari bakoitzarendako horrenbeste kutxatila marraztuko ditugu.
- Txandaka dadoa botatzen joan eta ateratzen den zenbakia zein kutxatilatan jarri erabakitzen joan beharko da jokalari bakoitza.
- Dadoa 3na aldiz jaurti eta gero bi jokalariek 3 zifrako zenbakiak izango dituzte aurrean. Zenbaki handiena lortu duenak irabaziko du.
- Jolasa 10 aldiz errepikatuz gero, irabazlea izango da zenbaki haundiena gehiagotan lortu duen jokalaria.
Nola aberastu jolasa? Bada, atera diren zenbakien analisia eginez, esate baterako.
Deskonposaketak egin daitezke, zenbakien ordenazioak, atera diren zifren maiztasunaren kontaketak, 1000ra iristeko zenbat falta izan zaion zenbaki bakoitzari, erabilitako estratejiak zein izan diren elkarri esan…