Segidekin zein lanketa egin daiteke? (II)

Aurreko baten idatzi nuen artikuluan, segidekin galdera hauei erantzuteko proposamenak egin nizkizuen:

  • Segida eredu hau kopiatuko al duzu?
  • Segida berriak sortu ditzagun!
  • Kontaidazu segida hau nola eraiki duten!
  • Inguruan ba al dugu segidarik?
  • Segida hau ondo al dago? Zer pasatu zaio?

Gaur galdera-proposamen gehiago ekarriko ditut. Ikusiko duzue proposamenok konplexuagoak direla, eta beraz, goragoko maila eta etapetarako izango direla egokiak normalean. Goazen bada, gaiari heltzera!

6 proposamena: Zenbat errepikapen eraiki dituzte orainarte?

Atal honetan proposamen sinpleago edo konplexuagoak erabili ditzakegu eta, gainera, ikuskera ezberdinak ateratzeko lekua izango dugu:

Argazkikoetan AB ereduen bina errepikaken daude ala ABAB segidaren elementu bakarra eraiki dute?

Polikuboekin eraikitako segida honetan AAB segidaren 3 errepikapen daude ala AABA segidaren gai bat eta bere simetrikoa eraiki dute?

Elementuak gehituz doan segida bat dugu hemen; hazkundezko segida, alegia, eta lehenengo 7 gaiak eraiki dira.

Ondoren gehitu ditugun ereduetan ere antzerako galderei erantzun ahal izango genieke: Zein da segidaren patroia eta zenbat gai eraiki dira?

7 proposamena: Segida hauek osatu ditzagun!

Honako lana aurrekoa egin eta gero berehala datorrena da. Hau da, eraikita dauden segida zatiak behatu eta ezagutu eta gero, hurrengo gaiak eraikitzeari ekingo genioke.

8 proposamena: Nahikoa material al dugu? Zenbat luzatu ahal izango dugu segida hau daukagun materialarekin?

Azken hau izango da orainartekoetan proposamenik konplexuena. Izan ere, kontaketak egitea eskatuko die; hurrengo gaiak osatzeko kopuruak aurreikusi beharko dituzte eta esku artean daukaten materiala aztertu beharko dute. Lehenengo zein material bukatuko den ere aurreikusi beharko dute.

Esate baterako, irudian ezkerraldean daukagun segidan 24 polikubo erabili dira segidaren 3 gai eraikitzeko. Eskumako polikuboekin beste gai osoa eratu ahal izango genuke eta 5. gaiaren pieza urdina eraikitzera iritsiko ginateke asko jota, berde eta zuriak agortzean.

9 proposamena: Nolakoak izango dira hurrengo gaiak? Zenbat pieza beharko dira? Zein zenbakitatik pasatuko da segida hau?

Galdera mota honek aldaera errazagoak ala konplikatuagoak izan ditzake. Materialekin fisikoki eraikitako segidak zenbakitara eramatea eskatuko du, gainera.

Bertsiorik errazenak:

Pieza kopuruak kontatzen hasita 3,6,9,12…segida eukiko genuke. Pasatuko al da 50etik? Eta 30etik?

Kasu honetan, 3ko taula edo 3ren multiploekin ariko ginateke lanean.

Bertsio konplexuagoan:

Segida hau benetan interesgarria da. 5 gai daude eraikita. 3 dimentsioetan haziz doa eta kolore-kode konkretu bat jarraitzen du. Koloreei begira era hainbat segida identifikatu ditzakegu. Galderak, beraz, argi daude, eta ez dira erantzuten errazak: 6. gaia eraikitzeko zenbat pieza beharko genituzke? Eta zenbat kolore erabili beharko genituzke? Bestalde kopuruei erreparatuz honakoa aurkituko dugu:

1, 7, 13, 19, 25…

Pasatuko al da, beraz, 50 zenbakitik? Zenbagarren gaian izango da 100 baino haundiagoa? 200 polikuboko kaxarekin zenbat gai eraiki ahal izango ditugu?

Galdera mota honek segidaren espresio analitikoa eta hortik aurreragoko aspektuak garatzea eskatuko digu.

an=6n-5 

Eta espresio horrekin ekuazioak eratuz edo segidako gaiak batuz lan egin ahal izango da.

10 proposamena: Alde kopuru, luzera, perimetro, azalera edo bolumenak aztertzen baditugu?

Hemen kontu geometrikoak sartuko dira tartean. Ikus ditzagun adibide konkretuak:

Aztertu ditzagun hurrengo segidan gai bakoitzean sortzen diren poligonoen alde kopuruak:

6, 8, 12, 14,18… segida numerikora iritsiko gara. Hurrengo gaiaren alde kopurua asmatuko al genuke?
Segida honetan azalera handitzen doa kolore bakoitzaren presentzia arau konkretu baten aarabera handitu ahala. Kasu honetan 9, 36, 81 kopuruak dauzkagu azalerari erreparatuz gero. Hurrengo gairen azalera zein izango litzateke?

11 proposamena: Piezen edo koloreen presentzia zatiki edo ehunekotan aztertzen badugu?

Aurreko adibideko gaiak hartuko ditugu berriz ere eskutan.

1. gaian azaleraren 1/3 berdea, 2/9 zuria eta gainontzekoa, 4/9 alegia, gorria dela ikusiko dugu.

Beste gaietan errepikatzen al dira proportzio horiek?

2. gaian, esate baterako 8/36 dira zuriak; 1/9, berriz ere, alegia. 12/36 (hau da, 1/3 berdea da) eta 16/36ren (4/9) gorria da. Baietz ondorioztatuko dugu??

Eta azalerari erreparatu beharrean pieza kopuruari erreparatzen badiogu?

Ikusi duzue, azken honekin nolako proposamen sorta eraiki dugun? Sekuentzia oso bat dago hemen e! HHn hasi eta DBH1-2 raino iristen den sekuentzia!

Osatu dugun kolekzioa gustuko baduzue, antolatu materialak zuen ikastetxean eta hasi segidekin honela lan egiten! Astindu ederra emango diozue logikari horrela lan eginda!

PD: Segiden inguruko artikulu sorta hau daukazue eskura, ikuspegi osatua jaso nahi izanez gero:

Permanent link to this article: http://matematiketan.eus/2019/12/01/segidekin-zein-lanketa-egin-daiteke-ii/

Utzi erantzuna

Your email address will not be published.