Segidak gaitzat hartuta artikulu sorta bat publikatu dut jada. Izan ere, aspektu logikoak mobilizatzeko aukera aparta baitira.
Segidekin, gainera, jarduera sorta on bat egin daiteke, sakontasun eta konplexutasun ezberdinekoa. Jarduera horiek proposatzera natorkizue, gaur; galdera eran formulatuko ditugu, proposamenok. Zerrenda luzea denez bi artikulutan jasoko ditugu.
Gaian kokatzeko, hala ere, lehenago publikatu ditugun artikulu esanguratsuenak hartuz hasiko gara:
“Segidekin jolasten” artikuluan, esaterako, segidak edozein gauzarekin egin daitezkela genion: Koloreak, formak, orientazioak, hitzak, gorputz mugimenduak… Eta, gainera, segida espazialak eraikitzerakoan lerro egitura dutenak, azalera edo bolumetrikoak direnak ere egin ditzakegula aipatzen genuen.
“Handitzen, handitzen…segida geometrikoak” artikuluan azken hauei, espazialei, erreparatu genien bereziki. Hazkundedun segida geometrikoak aztertu genituen, konkretuki. Aukera anitzak ematen dituztela ikusi genuen, eredu ezberdinak hona ekarriz.
Goaz, bada, jarduerak aztertzera, bi aspektu hauek kontuan izanda:
- Jarduera edo lanketa guztiak era guztietako segidekin egin daitezkela.
- Zailtasun ezberdinak dituztenez neurtu egin beharko dela bakoitza noiz erabili.
1 proposamena: Segida eredu hau kopiatuko al duzu?
Irudian ageri diren proposamenak dira era horretakoak. Eredua eman, behatu, interpretatu eta errepikatzea da lana hemen.
2 proposamena: Segida berriak sortu ditzagun!
Bi eratan egin daiteke: Sormen ariketa libre bezala proposatuta edo segidaren patroia era algebraikoan emanda.
Era algebraikoa aipatu dugu; ABAB segida egiteko proposatu diezaiekegu estilo honetan, esate baterako. Honelakoak aterako lirateke:
Goiko irudietan, ezkerrekoan ABAB segidak dauzkagu eta eskumakoan AABB segidak. Bi kasuetan, kolorea hartu da segida eraikitzeko aldagai bezala, baina forma edo beste edozein aldagai hartzea ere posible izango litzateke.
3 proposamena: Kontaidazu segida hau nola eraiki duten!
Ahozkotasunak garrantzia haundia daukala ezin dugu ukatu. Prozesu edo objektu bat ahoz deskribatzeko ariketa ikaragarri aberatsa baita. Horregatik proposatzen dugu segida ahoz deskribatzeko eskatzea.
Segida zein aldagai edo elementuk eratzen duten, zein patroi jarraitzen duen (ABAB…) errepikapenezkoa edo hazkundezkoa den eta lerro edo gainazalekoa den zehaztea bilatuko dugu ahozko ariketa honetan. Batzutan, kopurua magnitude esanguratsua denean, zenbakitara eramateko saiakera ere egin daiteke.
Segida honetan koloreak tartekatuz jokatu dugu; bi urdin eta hori bat patroia errepikatuz. Honela AAB segida eraiki dugu; 3 errepikapen daude eta kopuruetan pentsatuta 2,1,2,1,2,1…segida dela ere esan genezake.
4 proposamena: Inguruan ba al dugu segidarik?
Ingurunearen behaketa oso sarri proposatu izan dugu matematiketan.eus-en; elementu geometrikoak identifikatzeko edo kopuru zehatzak topatzeko, kotxeen matrikulekin eragiketak egitera joateko, angeluak aztertzeko, distantzia edo denboren neurketak egiteko…
Segidekin ere egin daiteke, nola ez. Berehala aurkituko ditugu segida ereduak etxe, ikastetxe edo herrietan:
Aurkituko dituzuen segida urbanoekin ariketa polita izango da marrazkiz errepikatzeko eskatzea; papelean kopiatzeko eskatzea, alegia.
5 proposamena: Segida hau ondo al dago? Zer pasatu zaio?
Akatsak dauzkaten segidak ere erabili ditzakegu behaketa lanak sustateko. Akatsa bilatzen hasi aurretik, segida akatsik gabe aztertzea komeni da, eta gero akastuna aurkeztea, bilaketa lanak egiteko. Patroiaren idazketa algebraikoa berriz ere ukitu nahi adugu, ezkerreko irudian, erdiko segidan esate baterako, hasieran ABABABAB patroia zena, bapatean ABABBABAB bilakatu dela esango genuke; B hori tartean sartzeak ekarri duela akatsa. Horixe identifikatzea izango litzateke lana borobiltzea.
Honezkero 5 galdera-proposamen egin ditugunez, bukatzera joko dut. Gehiago ere badaude, baina hasieran esan dugun bezala hurrengo artikulu baten aterako ditugu falta direnak. Segi adi!