Ikaragarrizko potentziala daukan proposamena ekartzen dizuet gaur.
Potentziala, proposamenak osagai espazialak eta sormenezkoak dituelako, materialak manipulatuz, gainera; hiru dimentsioak urratu daitezkelako eta, batez ere, behaketa matematikoa eta dedukzio lan bikaina ekar dezakeelako.
Beti bezala, umeen egoeraren arabera lan sakonagoa edo arinagoa egitea permititzen dute baina beti ere, lan matematikoa aberatsa izango da. Zertaz ari naizen? Bada HAZKUNDEDUN SEGIDA GEOMETRIKOEZ!
Izan ere, segidak errepikapenezkoak, (patroi konkretua errekikatzekoa) edo hazkundezkoak izan baitaitezke.
Sortu eta aztertuko ditugunak funtsean segidak izango direnez eta gai honetaz jardun izan dugunez artikulu zaharragoak gogoratuz eta eskura jarriz hasiko naiz.
Segidekin jolasean
Oreoekin jolasean
HAZKUNDEDUN SEGIDA GEOMETRIKOetara bueltatuz, zer diren definituz hasiko gara:
Manipulaziotik hasteko asmoz, erregleta, bloke geometriko edo polikubokein segidako oinarrizko irudia eginez hasiko gara. Izan daiteke lerro egitura duena beheko argazkian bezala, edo azalera edo hiru dimentsioak hartzen dituena.
Segidaren hurrengo gaiak eraikitzeko, egindako oinarrizko irudiaren dimentsioren bat edo gehiago haziz joango dira gai berriak eraiki ahala. Kasu batzutan laburtuz joatea ere erabaki daiteke, edo dimentsioren bat hazi eta besteren bat laburtuz joan daiteke.
Argazki honetan ezkerreko elementua da segidaren lehenego gaia; guztira, segida baten 7 gai agertzen zaizkigu. Gaiak eraikitzeko bi magnitude aldatzea erabaki du: Oinarriaren luzera eta eskumako elementu bertikalarena. Unitate bat luzeago jartzen ditu biak urrats bakoitzean.
Ondoren jarriko dugu adibide sorta bat eraiki daitekeen mundua zein zabala den ikus dezazuen:
Adibideekin bukatzeko, egitura konplexuagoak jarriko dizkizuet:
Non izan dudan ideia honen berri? Bada, twitterren! Simon Gregg deitzen den matematikako irakasle batek jasotzen ditu gelan egindako ariketa, jolas eta hausnarketen inguruko berri eta argazkiak bertan, eta benetan ekarpen interesgarriak ikusi dizkiot. Nahiko nuke bere gelan hilabete pare bat behaketa lanetan ematea!!
Segiden sormen lana bera nahikoa dela iritzita eta adibideok jarrita, hemen bukatuko da gaurko artikulua. Sormen prozesua bera, LHko edo DBH edozein urterako da aproposa. Eta egindakoa hitzez deskribatzea ere edozein adinekin egin daiteke. Egindakoaren konplexutasuna da aldatzen joango dena esploraziorako senari horretarako askatasuna emanda.
Segiden analisiaren aukerei buruz, hurrengo artikulu baten jardungo dugu. Hortxe baitago segida hauen baliorik inportanteena. Segi adi segidei!
PD: Segiden inguruan orainarte publikatu ditugunak:
- Segidekin jolaseak (hasierako hausnarketak)
- Oreoekin segidak
- Segidak polikuboekin
- Arraultza kaxak aprobetxatuz HHn