Aspalditik neukan gai honi heltzeko asmoa, eta azkenean, egin dut!!
Bukaeran plantilla batzuk jarriko dizkizuet eskura, gainera, inprimatzeko prest.
Musika IKARAGARRI inportantea da eta izan da nire bizitzan. Gaur egun ez dut ohiturarik (kendu “ohiturarik” eta berridatzi “denborarik” nahi baduzue ;)) musika larregi entzuteko, baina iraganeko hainbat momentutan izan da plazer iturri eta, batez ere, emozio iturri. Hizkuntza musikaleko ikasketa egiteko aukera izan nuen txikitan eta musika tresnaren bat jotzen ere ikasi nuen gutxi gorabehera; taldeetan edo bakarka abestuz gozatzeko aukera ere eman dit bizitzak… Harreman goxoa daukadala musikarekin, alegia!
Kontua da, gainera, musikari matematikarekin harreman handia ikusi izan diodala beti.
Badago musikaren deskribapen fisiko-matematikoa egiten duen zientziaren esparrua; uhinak, maiztasunak, intentsitateak, sinusoidalak eta hauen deskonposaketa edo sintesia lantzen dituzte bertan. 11 minutu hartzen dituen hurrengo bideoan, esate baterako horrelako kontuak aipatzen ditu:
Gaur, hala ere, ez naiz ikuspegi sakon eta konlexu horretaz ari; LHko bigarren zikloak martxan jartzeko moduko ikuskera bat praktikatzeko proposamena da gaur ekartzen dudana. Funtsean, partiturak zenbakitara itzultzeaz ari naiz.
Izan ere, partitura bat (oso modu sinplean ulertuta) bai erritmoari dagokionez eta bai tonoen bilakaerari dagokionez, zenbaki segida bezala ulertu daiteke.
Azpiko irudi honetan, erritmoa zenbakitara ekarri dugu, konpaseko taupada bakoitza unitatea edo 1ekoa dela asumituta.
Gauza berdina egin genezakeen, erritmoari erreparatuz baino, tonoaren bilakaerari begiratuta. Kasu honetan eskailera baten irudiarekin jokatuko genuke eta honako irudia sortuko litzateke:
Ikusiko zenuten koskak binaka igotzen direla eskilara honetan, bi leku konkretutan izan ezik: tono erdiko tartea duten mi-fa eta si-do trantsizioetan, alegia. Ikuskera honetan, gainera, prest uzten dugu egitura bemol eta sostenidoei lekua egiteko ere.
Imajinatu orain dinamika bat sortzen duzuela etxean edo gelan, pentagramako notak edo abestiak batuketekin edota eskaileretan gora eta behera jardunaz interpretatzeko; eta ez hori bakarrik, baita ere abesti berriak sortzeko!
Lan horretan laguntzeko, eta konkretuki, erritmoari begira konpasak modu manipulatiboan eraiki edo osatzeko plantilla bat sortu dut pentagramako elemantuak bilduta eta hona ekarri dut inprimatu eta erabil dezazuen. Ea martxan jartzen duzuen! Eta kontatu hemen!
PD: Artikulu konkretu honetan nire lankide eta lagunek emandako edo sortutako ideiak hartuta egin dut lana. Milesker zuen ekarpenengatik Izaskun, Maider, Unai eta Eñaut!