Gelan planteatzeko egoera eta galdera sorta batekin natorkizue. Titulua ikusita agian ulertu duzue proposamen honen funtsa nondik doan. Hala ez bada, begiratu iezaziozu hurrengo argazkiari:
Ikusi duzue ordua bera kapikua dela? Ezkerretik eskumara edo alderantziz begiratuta ordu berdina irakurtzen dela? Ala agian ez, bi puntu horiek kontuan hartzen baditugu…Tira, bada, egoera sortu dugu; hemen doaz gelan botatzeko galderak:
Zer da eta zer ez da "ordu kapikua" bat? (Eztabaida sortzen bada, agian adostu egin beharko duzue!) Egunean zenbat aldiz ematen dira ordu kapikuak? Egunean zenbat minutu edo ordu egiten ditugu ordu kapikuekin? Eta astean? Eta zein hilabetetan ditugu ordu kapikua gehien? Eta urte osoan zenbat? Zuen bizitzan zenbat denbora egin duzue ordu kapikuekin? (Bisurteak ere kontuan hartu, e!!)
“Ordu kapikuak” ahaztu eta “ordu simetrikoei” hel diezaiekegu eta aurrekoa bezalako galderak egin.
Hemen daukazue, beraz, denbora magnitudeaz jarduteko aukera beste hainbat gauza mobilizatuz: gelako adostasuna lortzeko prozesuak, kontzeptuen definizio zehatzetara iristea, minutu eta segunduekin kalkuluak egitea, algoritmoak praktikatzea eta kontzeptu geometrikoak aktibatzea egoera ezberdinetan. Ea nola doakizuen!!