Ikasgelan (edo etxean) erronkei edo “egoerei” aurre egiteko giroa sortzea ederra eta eraikitzailea izan daiteke. Imajinatu ezazue “Aste honetako erronka” izeneko txokoa sortzen duzuela; eta bertan, denon ekarpenak jasotzeko moduko erronkak aurkezten dituzuela. WODB erako proposamenak dira horren adibide; etxerako lanen proposamena egitean aipatutako estimazio jolasek ere hemen izango lukete lekua eta ekuazio-ezkutuak ziren jolas hauek ere txoko honetan jarri ahal izango zenituzkete.
Gaur beste honekin gatoz; garai bateko “cifras y letras” jolasean egiten zena bilatzen du; eragiketak eginda, emaitzara ea nor hurbiltzen den gehiago ikustea, alegia.
Zein zenbakira hurbildu behar garen erabakitzeko, 0-9rako bi dado edo hiru dado erabili ahal izango dituzue. (Bi zifrako zenbakia eraikitzeko edo hirukoa)
Eta eragiketak egiteko erabiliko ditugun zenbakiak ateratzeko poltsa baten sartutako digitoak erabili ditzakezue eta zozketa balitz bezala egin. Poltsatik atera eta gero itzuli egin beharko duzue digitoa, noski. Bide batez, gogoratu ezazue momentu hau erabili dezakezuela probabilitatea lantzeko.
Erabaki beharreko kontua izango da zein eragiketa mota egin daitezkeen. batu eta kenu bakarrik, bider eta zati, berreketa… Umeen ezagutzek markatuko dute hori.
Ea tarteka horrelako proposamen gehiago sartuz joaten naizen, zuek ere bildumatxo bat egin ahal izateko!