“Dienesen bloke logikoak” izeneko artikuluaren hariari segika dator gaurko artikulu hau. Bertan LEM materialak aurkeztu nizkizuen. HHn hasi eta LH guztian, DBHn eta baita batxilergoan ere erabili daitezke orohar LEMak eta bereziki Dienesen bloke logikoak.
Gaur abiatzen den artikulu sortarekin LEMak umeekin erabiltzeko proposamenak egingo dizkizuet. Adinak zehaztea ez da erraza ezta egokia ere, baina bai saiatuko naiz etapa guztietarako ariketak kontuan hartzen.
Ohar bat: Aldiro Dienesen blokeak erabiliko ditut adibide moduan baina proposatutako ariketa GUZTIAK egingarriak izango dira beste edozein LEMekin ere.
1 PROPOSAMENA
Material berria aurkezten diegun bakoitzean bezala, umeei libre jarduten utziko diegu. Irudiak egin ditzaten, ukitu, dorreak egin… Seguru behatzen jardunez gero gauza kuriosoak egiten ikusiko ditugula!
2 PROPOSAMENA
Materiala bere osotasunean hartu eta sailkatzeko kriterioak eskatuko dizkiegu eta multzoak fisikoki eraikiz eta etiketekin izendatuz jokatuko dugu. Inportantea da kriterioak umeek pentsatutakoak izatea. Eta prest egon, kriterio orijinalak entzuteko eta ontzat emateko.
Lehen komentatu dugun bezala beste kriterio batzuk ere atera daitezke; erpinak dituztenak eta ez dituztenak, laukiak eta laukiak ez direnak, poligonoak direnak eta ez direnak… Zentzu minimoa duen oro izango da onargarria!
Proposamen honek nolabaiteko bueltak izan ditzake:
Multzoak hutsik kokatu eta zein kriterio erabili pentsatzea izan daiteke.
Sailkapenak guk egin eta umeek kriterioa zehaztu eta etiketak jartzea izan daiteke beste aukera bat.
3 PROPOSAMENA
Piezak ordenatzea ere ariketa polita da. Zaila, agian, pieza denak batera hartuz gero. Hemen ordenazio hitzak ez du esan nahi txikitik handira arituko garenik. Izan ere, piezak oso ezberdinak direnez, ordenatzeko kriterioak sortu egin beharko dituzte eraiki ahala.
Ordenazioekin ezezik, ko-ordenazioak eginez jokatu daiteke. Bi lagunen artean ordenazioa eraikiz, alegia, txandaka piezak jarriz hitzik esan gabe. Ordenatzeko kriterioa piezak jarri ahala joango litzateke erabakitzen horrela.
Ordenazioa egin daiteke lerroan (dimentsio bakarrean), planuan edo 2 dimentsioko irudia eraikiz (irudian bezala) edo 3.dimentsioa ere erabiliz (dorreak eraikiz, alegia).