Etxerako jardueren kutxa elikatzen (II)

Ondoren datozen bi proposamenak, etxerako jardueren kutxan sartzeko modukoak dira.

Beste artikulu honetan kutxa horren nondik norakoen azalpenak eta zenbait proposamen dauzkazue eskura: Etxerako jardueren kutxa 

1.  OBJEKTUAK (3 gutxienez) ORDENATU PISUAREN ARABERA

 Urratsak labur jasota hauek izango dira: Estimazioa egingo dugu, estimazioa konprobatuko dugu pisatuz eta ordenazioa ondorioztatuz  eta bukatzeko pisuak zenbakitan neurtuko ditugu. Prozesua eta emaitzak koadernoan jasoko ditugu.

Estimazioa

 3 objektu aukeratuz eta eskuetan hartu eta arinena eta astunena zein diren estimatuz hasiko gara.  Gero estimazioaren arabera ordenatuta kokatuko ditugu objektuok.

Konprobazioa

Segidan estimazioa konprobatzeko momentua etorriko da. Lan hau egiteko balantza bat beharko dugu. Orekazko balantza izatea da interesgarriena; digitalarekin ere egin daiteke, nola ez, baina ondorioztatze prozesua bertan behera geratzen da, pisua zenbakiz ematen baitu zuzenean. Gainera digitalarekin jardunez gero, pantailan agertuko diren kopuruak ezagutzea ezinbestekoa da.

Orekazko balantzak erosteko moduan badaude merkatuan, baina etxean ere eraiki ditzakegu balekoak.

Erositako eredua duzue hau

lacocinadeldrscience.blogspot.com helbidean hartutakoa

Honelakoekin zehaztasunik ez dugu izango, baina askotan ez gara zehaztasun bila ibiltzen.

Estimazioa egitea bezain interesgarria da balantzarekin ondorioztatze prozesua behatzea. Nola egin pesada ezberdinak arinena zein den erabakitzeko, alegia.

 

Pisuak zenbakitan

Berriz ere orekazko balantza ala digitalarekin jardun dezakegu. Hemen bai, orekazkoak erositakoa izan beharko luke balio jakineko pisuak erabili ahal izateko.

Orekazkoaz jardunez gero, berriz ere prozesu oso interesgarria izango duzue begien aurrean; oreka lortu arte pisuak jarri eta kendu ibili beharko baitu umeak. Tartean, gainera, kopuruak deskonposatu beharko ditu eta behin oreka lortuta azken kalkulurako pisuak batzeko buruzko kalkulua erabili ahal izango du.

 

Etxerako jardueren emaitzak jasotzeko koadernoan idatziko genituzke prozesu honetako pausuak eta emaitzak. 

Gure umeek oso gustuko dute egindakoaren marrazkia eginaz bukatzea. Kasu honetan ordenatutako objektuena eginez bukatu zuen.

 

Ariketa hau zaildu nahi badugu 3 objektu baino 4, 5 edo 6 hartuz jokatu dezakegu. Horretarako umearen ezaguerriei begiratuko diegu lana korapilatsuagoa eta luzeagoa izango baita.

 

2. PUNTERIA JOLASAK

Honi buruz jardun genuen lehenagoko artikulu baten. Hona bertara iristeko lotura:

Punteria jolasak

Artikuluan zehazten da ideia eta horri gehitzeko gutxi daukat. Bai nahiko nukeena da punteria jolasen aukerak ondo aprobetxatzeko ohar batzuk egitea. Izan ere, arraultza kaxan edo dena delako egituran jartzen den zenbaki mota kontuan hartuta, gauza ezberdinak landu daitezke, adin eta egoera ezberdinetaran egokituz:

Jaurtigaiak bota eta batuketak egitea, kenketak edo biderketa egitea izan daiteke helburua; edo 10en lagunak lortu ditugun ala ez apuntatzea, edo batuketa eginaz 50era lehenengo nor iristen den ikustea…Aukera anitzak ditu egitura sinple honek.

Zenbaki sistema hamartarrean sakontzen ibiliko ginateke hemen. Are gehiago botaldi eberdinetako emaitzak elkarri batuz jokatzen badugu.

Eragiketekin hasi berriendako zenbaki txikiak jartzea edo buruzko kalkuluan laguntzeko materialak alboan behar dituztenei horretarako aukerak ematea ezin dugu ahaztu..

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Permanent link to this article: http://matematiketan.eus/2017/12/10/etxerako-jardueren-kutxa-elikatzen-ii/

Utzi erantzuna

Your email address will not be published.