Etxerako jardueren kutxa (I)

Aurreko baten (aspalditxo, azken asteotan motel ibili bainaiz webgunean elikatzeko orduan) etxerako lanen inguruko nire ikuspegiaz jardun nuen. Hasierako pintzelada bat bota nuen. “Etxerako lanak” artikuluan.

Gero, Arizmendi ikastolako gurasoekin egindako saioetan, konpromezua hartu nuen etxean egiteko moduko gauzak hemen, webgunean, zintzilikatzen joateko. Horri heltzeko asmoa daukat artikulu honetan eta segidan etorriko diren beste askotan.

 

ETXEAN MATEMATIKETAN JARDUTEKO MODU BAT

Proposamen zehatz batekin natorkizue, baina zehatza izateak ez du esan nahi malgua izan behar ez duenik. Izan ere, etxe bakoitzean erabaki beharreko kontua da gai honi nola heldu. Egongo da matematikekin baino beste gai batzuekin jardutea gustuko edo behar duenik, egongo da gai hau ikastetxeko orduetan bukatzen dela pentsatuko duenik ere, edo etxerako lanek egitura tradizionalagoa eskatzen dutela uste duenik. Batzuk oso noizean behin heldu nahi edo ahal izango diote gai honi, beste batzuk astean oso maiz jardutea erabakiko dute. Zenbat buru, hainbat aburu!

Bai ikusten dudana da aukera bikaina daugakula aurrean honi buruz umeekin batera erabakitzeko. “Negoziazio” prozesu batekin hasteko aukera, alegia. Gure proposamenei umeenak edo  gurasoenak gehitzerako orduan, maiztasuna  zehazterako orduan…

 

Gure planteamenduak, orokorrean, etxea matematikoki behatzea eta zukutzea ekarriko du, hurbilketa manipulatiboa izango da hala behar duenarentzako eta, paperean eta idatziz, hala jardun dezakeenarentzako eta askotan jolasak eta ikeketak egitea ekarriko du.

Gurasoen edo etxekoen partetik nolabaiteko inplikazioa eskatzen dute hainbat jarduerek.

Tira, bada, beste azalpenik gabe ikus dezagun gure proposamena… ta,ta,ta,txaaaaan!!: 

ETXERAKO JARDUEREN KUTXA aurkezten dizuet.

Kutxa baten zotzak sartu eta bertan idatzitako jolasa edo ikerketa egitea izango da kontua. Zotzak ausaz aukeratuta jokatuko da.

Hemendik aurrera, beraz, proposamenak hemen jartzera goazenean, lehenengo zotzean idatzi beharreko instrukzioa jarriko dugu eta gero jarduera bera deskribatzera joko dugu.  

Horrela jarduteko materialak minimoak izan  daitezen saiatuko naiz. Kartak, dadoak, zotzak edo babarrunak edo erregletak hala erabakitzen baduzue, ehuneko taula paperean eta askoz gehiago ez. Noizean behin beste tresna edo tramankuluren bat behar bada, saiatuko gara etxean eraikitzeko bertsioa proposatzen eta, bestela, erostekoa ere eskura izango duzue. 

Bai beharko duguna, koadernoa izango da, bertan emaitzak, taulak, kalkuluak,  jolasetako puntuak eta ondorioak jasotzen joateko. 

Matematiketan.eus webgunea jaio zenetik hona egindako artikuluetan etxean erabiltzeko moduko jolas eta jarduera asko jada jarri eta deskribatu ditugunez, hauen lotura hona ekarriaz hasiko naiz orain bertan. Hemen, bada, lehenengo 3 proposamenak:

1. ETXEKO (FRUTA) KONTSUMOAREN INGURUKO IKERKETA

 

Titulua irakurrita ulertzen da, ezta? Bi modutan egin daiteke ikerketa; egun bakoitzean etxean kontsumitu diren kopuruak jasota, edo egun bakoitzean etxeko kide bakoitzak kontsumitutakoa jasota. Honi buruz, jada artikulu bat eginda dagoenez, eskura jartzen dizuet lotura:

 Ikerketa matematikoa frutarik politenarekin

Asteko kontsumoak taula baten jaso eta gero, kopuruak aztertzea etorriko da. Nork gehien, nork gutxien, noiz gehien, noiz gutxien, diferentziak, kontsumoak ordenatu eguneka edo pertsonaka. Hala behar duen umeari kopuruak babarrun aleekin, zotzekin edo erregletekin adierazteko eskatuko diogu.

Fruta aipatu dugu, baina yogurrak, gozokiak edo diru kontsumoak ere aztertu daitezke. Azken hau, adibidez, ume helduagoekin egiteko aproposa izan daiteke.

 

2. ESTIMAZIO-JOLASA

Edozein magnituderekin egin daiteke estimazio jolas bat. Masa, bolumena, tenperatura, ale-kopurua, denbora, diru-kopurua…

Lehenengo estimazio jolasa ontzi itxi baten sartutako aleekin-egitea proposatzen dugu. (zerealak, lego piezak, puzle baten piezak, babarrunak…nahi dena izan daiteke estimatu beharrekoa.) Bertan sartuko dugun kopurua ezberdina izango da umearen ezagutzaren arabera.

Etxeko kide bakoitzak estimazioa egitea da kontua, aleak kontatu gabe eta ukitu gabe. Datuak taula batean jaso eta gero benetan kontatzeko lana etorriko da. Eta kopurua zotzekin edo erregletekin eraikitzekoa. 

Datuak taula batean jasoko ditugu.

Gero, kontaketa egiteko momentua etorriko da. Kopuru txikiekin bakarka, eta handiekin elkarlanean.

Hamarreko paketeetan antolatuko ditugu.

Gure sistema hamartarrera ekarriko dugu. Hau da, hamarreko 10 pakete bilduz gero, ehunekoa izatera pasatuko gara, gure kasuan bezala. Kopruruak materialekin eraitzeko eta idatziz jasotzeko momentua da.

Orain, estimazioak baloratzeko momentua da. Nor hurbildu den gehien, nor gutxien, nor geratu den gainetik, nor azpitik, zenbat…

Erraza da gauzatzeko, ezta?

Eta zein ezagutza edo kontzeptu aktibatu ditugun ariketa honetan? Estimazioa egin dugu, datuak ordenatzeko taula eraiki, kontaketa zenbaki katean aleak kontatzeko, sistema hamartarrean kopurua eraiki eta hainbat eragiketa egin beharko ditugu datuak analizatzeko. Hona, bada, lan matematiko aberats eta eraikitzailearen adibide sinplea!

3. GUSTUKO DUGUN IPUINAREN MATEMATIKA AZTERTU

 

Zuzenean eta besterik gabe eramango zaituztet honi buruz jada publikatutako artikuluetara:

Ipuinak eta matematika (I)

Ipuinak eta matematika (II)

Besterik ez gaurkoz…segi adi, gai honi oso maiz jarraitzeko asmoa daukat eta!

Permanent link to this article: http://matematiketan.eus/2017/11/26/etxerako-jardueren-kutxa-i/

Utzi erantzuna

Your email address will not be published.