Segidekin jolasean

KOKATU GAITEZEN

Segidak HHko lehenengo urteetatik hasi eta batxilergoko azken urterarte presente dauden jarduera matematikoak dira.

 

 

Presentzia masibo eta jarrai horrek badauka bere zentzua. 

Izan ere, esan daiteke segidek eta materialeen sailkapen eta ordenazio logikoek antzerako prozesu mentalak aktibatzen dituztela:

Aurrean daukagun materiala edo egitura aztertu eta behatu egin behar da, nolabait errepikatzen den patroia bilatu behar da eta gero, segun zein etapan gauden segidako falta den gaia bilatu beharko dugu,  patroia ahoz deskribatu beharko dugu edo errepikatzen den patroiaren gai orokorra edo “formula” idatzi eta aztertu beharko dugu. Limiteak kalkulatu, fraktalekin lotu, segiden gaien batuketak egin, Fibonacciren segida ezagutu… DBH eta batxilergoan segidak benetan sakon aztertzera iritsiko dira ikasleak.

Koch-en elur-maluta; egitura fraktala dauka eta iterkazioak segida-eran ulertu daitezke

Horrelako espresioak erabili izana gogoratzen?

Fibonacciren segida. Naturako zenbait elementuk erakusten dute egitura hau

 

.

.

.

.

.

.

 

Gerora, lana lortzeko elkarrizketak egiteko garaia etortzen denean, berriz ere segidekin egingo dugu topo, test psikoteknikoetan. Kuriosoa da, ezta?

 

LHra BUELTAN

Gatozen, hala ere LHko lehenengo urteetara, eta ikus dezagun matematika manipulatiboen ikuspegitik zein baliabide eta modu dauzkagun segidak lantzeko.

Gelan erabili ditzakegun estrategiei begiratu bat ematen badiegu:

Alde batetik irakasleak proposatutako segidak dauzkagu.  Umeek hurrengo gaiak zehaztuz edo patroia hitzez adieraziz jardungo dugu normalean.

“Akatsak” dituzten segidak ere aurkeztuko ditzakegu eta akatsok bilatzera jolastu; akatsa detektatzeak esku artean daukagunaren kontrola erakusten baitu.

Hervé Tullet-en “Press Here” ipuinean aurkituko dugu segida “akastun” hau

Umeak ere jarriko ditugu segidak asmatzen. Oso ariketa aberatsa da. Talde haundirako hasieran eta gero binaka edo hirunaka, elkarren artean jarduteko. 

Ikastola eta etxea behatzera irtetea ere jarduera polita izango da. Harrituta geratuko gara gure inguruan zenbat segida dauden ikusten dugunean!

Paretetan zein lurreko harlauzatan aurkituko ditugu segidak. Lerroan ezezik, planoa ere hartzen duten segidak izango dira.

Heldulekuak, hesiak, aparkalekuetako marrak eta horrelakoak ere segidez josita daude

Umeek modu autonomoan segidekin jardutea nahi badugu, erraz eraiki ahal izango ditugu material oso konplexuak erabili gabe:

Arraultza kaxak eta lego piezak, polikuboak edo koloretako egurrezko piezak oso maiz izaten ditugu eskura

Plastifikatutako ereduak sortuta behin eta berriz erabili ahal izango ditugu

 

Segidak zerekin egin ere aztertzeko moduko kontua da.

Hor bai, irakaslearen eta umeen imajinazioak lagunduko digute benetan esperientzia aberstsak biltzen segiden munduan.

Hasteko, gogoratuko dugu segidak edozein “gai” eta material hartuta egin daitezkela.

Kolore eta formari begira hastea izaten da ohikoena. Bloke logikoak (edo edozein LEM)  bloke geometrikoak dira oso erabilgarriak honetarako. 

 Elementuen tamaina, kopurua eta orientazioarekin ere jokatu ahal izango dugu.

 

Kopuruak aldatuz doazen lehenengo segidak, pinportekin sortuko ditugu, idatzizko zenbakiekin jardun baino lehenago. Hau askotan LH 1 eta 2 baino beranduago ikusiko dugu, hala ere.

 

 

Puntu honetatik haratago, imajinazioari beste astindu bat emanez, ikusiko dugu nola gelan edozein gauzarekin egin ahal izango ditugun segidak. Bibentzialak, hasteko: Umeak lurrean etzanda, jarrita, gora behera, besoak zabalik, itxita… 

Patioan egiteko moduko jolasak pentsatu ahal iznago ditugu.

Ikasgela apaintzeko  egiturak marraztu ahal izango ditugu.

Naturako elementuak erabiliz ere jardun ahal izango dugu, edo gelako jostailu eta altzariekin; mahaiak, aulkiak, liburuak, arkatzak, frutak, hostoak, harriak…

Segida numerikoak egiteko oso aproposak dira harriak

 

Benetan bildutako hostoek joku haundia emango digute

Segida musikalak, gorputzaren mugimenduarekin edo dantzarekin lotutakoak ere egin ahal izango ditugu.

 

 

Umeen interesguneak ezagutuz gero, segida “kontzeptualak” eraiki ahal izango ditugu. Jo dezagun futbolarekin interes haundia dutela; talde ezberdinetako futbolarien izenak tartekatuz, joko-zelaian daukaten posizioa kontuan hartuz…sortu ahal izango genituzke segidak. Edo gustuko dituzten ipuinetako edo marrazki bizidunetako petsonaiak tartekatuz…

pxhere.com helbidetik hartutako irudia

Ikusten duzuen bezala, oso zabala da segiden inguruan egin daitekeen lana. Liburuetan ageri diren ariketak asko eta asko aberastu daitezke. Denok disfrutatuko dugu gehiago. Umeek eta guk geuk! 

 

 

Permanent link to this article: http://matematiketan.eus/2017/10/08/segidekin-jolasean/

2 comments

    • Ixas on 9th urria 2017 at 3:55 pm
    • Reply

    Oso interesgarrixa leire!!
    Eskerrik asko emandako ideia guztiengaitxik.Bihartik aurrera martxan jarriko ditut hainbat ariketa gelan!!

    1. Milesker! Ea nola juaten zaizun!! Kontatuko diguzu!

Utzi erantzuna

Your email address will not be published.