WODB: Zein dago sobera?

WODB hizkiak “Which one doesn´t belong?” espresioaren siglak dira. Artikuluaren tituluan ikusi duzuen bezala “Zein dago sobera?” esaldiarekin itzuli dut. 

Ideia honakoa da; horrelako kartelak gelan edo pasilloko paretetan jarri eta egun edo ordu batzutan mantentzen dira bertan. Ikasleek irudiak behatu eta bakoitzaren ustez soberan zein dagoen idatzi beharko lukete kartelean bertan, arrazoia gehituz.Zein ezaugarri azpimarragarri ikusten dizkiot ariketa mota honi?

  • Jarduera irekia da; ez dago erantzun bakarra edo zuzena.
  • Irudien ezaugarrien behaketa sakona eskatzen du.
  • Ikaskideen elkarlana ahalbideratzen du.
  • Maila ezberdinetako ikasleen ekarpenak ere jaso daitezke.
  • Zenbat eta erantzun gehiago, orduan eta behaketa sakonagoa egiten da.

Hona hemen irakasle baten esperientziaren testigantza:

“Ostiralero, ikasleak etorri orduko irudi berri bat jartzen dugu (batzuetan ahaztu egin zaigu  eta  hasi dira eskatzen)  eta egun osoa dute pentsatzeko  zein den soberan dagoena eta zergatik dagoen. Arratsalde bukaeran, gela bakoitzean ikasleak papertxo baten idazten du zein den bere aukera eta zergatia. Bukatzerakoan, banan-banan irakurtzen dute jarritakoa eta ikusten dugu zein izan den gehien aukeratutakoa. Ikusten da ikasle batzuk buelta  asko ematen dietela eta erantzun originalak ere ematen dituzte. Aste batzuk egin ondoren gogoratu gara 6. mailakoek ehunekoak ateratzen ikasi dutela eta  bigarren zatia gehitu diogu.: “zein da begikoena?” ikusteko zein emaitza izan den aukeratuena gela guztien artean. Beraiek arduratzen dira taldeka  ehunekoak ateratzen. 

Hemen bidaltzen dizut argazki bat pasiloan nola jarrita daukagun ikusteko”

Ikasleen interesa bildu duen ariketa bada, aukera oso ona  iruditzen zait ariketa bera matematikoki gehiago zukutu eta %en gaiarekin lotzea. Idea bikaina, beraz!

Kontua da irudiak ongi aukeratuz gero maila eta gai ezberdin askori heltzeko aukera ematen dutela WODB estiloko jarduerek. Segidan jarriko ditudan irudietan ikusiko duzue:

Horrelako gehiago nahi badituzue, badago webgunea matematikarekin lotutako ereduak jasotzen dituena; ingelesez dago: wodb.ca

Liburua ere publikatu dute geometriarekin lotutako irudiekin; Christopher Danielson da egilea. Hemen duzue azalaren argazkia:

 

Permanent link to this article: http://matematiketan.eus/2017/06/06/wodb-zein-dago-sobera/

2 comments

    • Anonimoa on 9th ekaina 2017 at 12:52 pm
    • Reply

    Bai, ideia bikaina.

    Duela hilabete edo idatzi nizun. Orduan esan nizun oso erabilgarria eta interesgarria iruditzen zaidala zuk egiten dituzun proposamen asko eta asko. Aipatu nizun ere gelan hiru jarduera mota ezberdin egiten ditugula: arkatza eta papera (liburuko ariketak, bakarrik eta modu autonomoan egin behar dituzte), jokoak (hainbat joko ezberdin, zure orritik hartutako “Hondarrak ere balio du” ikaragarri gustatu zaie) eta “aste honetako problema” deitzen duguna. Hirugarren txoko horretan, hain justu, WODB gisako problemak egiten ditugu. Duela gutxi, zatikiekin hasi ginelarik, pasiloan lautan banatutako karratu handi bat (bi hiruki eta bi karratu) jarri nuen. Puskak ea laurdenak ote ziren galdetu nien? Eta haien izenekin post-it pegatinak jarri behar zituzten baietz edo ezetz esanez. Aste pare batez eduki nuen pasiloan, eta ikusi nuen ikasle batzuk aldatu egiten zutela haien iritzia, baietzetik ezezkora, edo alderantziz. Alegia, haien burua martxan zegoen.
    “Aste honetako probleman” (talde txikian) haien iritzia eta zergatia azaldu behar zuten ahoz zein idatziz.
    Oso ondo atera zen. Eta WODB gisakoak ere probatu izan ditutu, eta antzera. Pinterestetik ateratzen ditut batzuetn.
    Marian Small, Differentiate mathematics egilearen liburutik hartzen ditut ere proposamenak eta webean aurkitutako open-ended questions batzuk ere.

    Eskerrik asko zinez zure ekarpenengatik, eta heldu den ikasturtean honek martxan segitzea espero dut.
    Arantxa

    1. Kaixo Arantxa.
      Milesker, beste behin, zure hitzengatik. Nola ez, gogoan dut mezu hura, bai. Aurrekoan ere esaten nizun…hemen ateratzeko moduko adibideren bat badaukazu, edo argazkiren bat baduzu egiten dituzuen jarduera horiei buruzkoak, ikaragarri eskartuko nituzke. Gero eta gustukoago baititut buruketa irekiak.info@matematiketan.eus e-maila daukazu eskura horretarako.
      Mezuan aipatzen duzun Marian Small ez nuen ezagutzen. Lortu beharko dut liburua.
      Datorren urtean segitzeari buruz, asmo hori daukat. Webgune hau elkargune moduan ulertzen dut. Nik topatzen edo pentsatzen ditudanak eta besteek egiten dizkidaten ekarpenak elkartzeko eta partekatzeko lekua. Euskaraz behar ditugu horrelakoak. Zuek hor zaudeten bitartean ni ere hemen egongo naiz.
      Ondo-ondo izan
      LEIRE

Utzi erantzuna

Your email address will not be published.