Etxe askotan aurki ditzakegu alfabetoko hizki magnetikoak. Zuek ere etxean badauzkazue, prest zaudete jolasteko. Bestela, hartu papel karratu sorta bat eta bakoitzean idatzi alfabetoko letra bana. Jolasa gustukoa baduzue, txartelok plastifikatzea duzue onena.
Jolasa adin guztietako ume zein helduk egiteko modukoa da. Buruzko kalkulua praktikatzekoa da, baina alboan materialen bat (erregletak, zotzak, harriak…) duela jolasteko nahia edo beharra duenak egin dezake, noski.
Jolasaren iraupena taldeak zehaztuko du, baina 3 erronda egitea kopuru polita denez, 10 minutu baino gehiago ez luke iraungo.
Jolasak bi aldaera ditu, eta oso joko arau sinpleak:
- Hizkiak zorro baten sartzen dira.
- Jokalari bakoitzak hizki bat hartu eta supituki burura etortzen zaion lehenengo hitza esango du. Noski, letra horrekin hasten den hitza izan beharko du.
- Hitz horrek dauzkan letra-kopuru adina puntu bilduko ditu jokalariak. Esate baterako B hizkia atera eta “babarrun” hitza esanda, 8 puntu bilduko lituzke.
- Nahi adina erronda eginda, bakoitzak lortu dituen puntuen batuketa egitea geratuko da, jolasa nork irabazi duen ikusteko.
- Bigarren aldaeran, burura etortzen den lehenengo hitza baino, minutu baten (adostu egin daiteke denbora tartea) hizki horrekin hasitako hitzak esaten joango da jokalaria. Hitzok kontatu eta berriz ere bildutako puntuak aterako zaizkigu.
Gurean, jolasten ari ginela aita hitz benetan luzeak botatzen hasi zela ikusita, gure seme ertainak berehala gehitu zuen beste arau bat: Hitzak 10 hizki baino gehiago baditu 0 puntu biltzen dira.
Biderketekin egitea ere badago, edo balio altuena eta txikienaren arteko kenketa eginez erabaki daiteke nork irabazi duen. Beti bezala, taldeak berak sortuko ditu jolasak aurrera egin ahala arau berriak.
Sinplea benetan, afari giroan jolasteko. Probatu eta kontatu nola atera zaizuen!