Gorputz geometrikoak lantzen DBHn

Azken asteetan gorputz geometrikoen gaiari bueltaka aritu gara gelan. Testu-liburuak markatzen zituen helburuei heldu diegu, baina ez ditugu haren urratsak zorrotz jarraitu.

Jarduera alternatiboak egin ditugu, benetan neurketak eginez eta eraikiz eta zenbait erronkei erantzunez. Irudiek argituko dizuete egin duguna, hitzek baino hobeto.

Dendetan aurkitu ditzakegun gorputzak aztertu eta sailkatu ditugu.

Garapen lauetatik gorputzak eraikitzen ere jardun dugu.

Lan giroa nagusi izan da gelan.

Gorputz sorta ona eraiki dute.

Egitura konplexuekin ere ausartu dira.

Benetako gorputzak hartu eta metodo ezberdinak erabiliz haien bolumenak eta azalerak kalkulatu ditugu.

Gorputzak uretan murgilduz jardun dute.

Folioaren bolumena neurtzen aritu dira.

Regletez betetzea izan da estrategia batzutan estimazioa egiteko.

Nola ez,ura eta xiringak ere erabili dituzte.

Aztertu dituzten gorputzen bolumenak, regletekin eraiki ditugu kasu guztietan. Izan ere, 1eko regletaren bolumena 1cmedo 1 ml da, eta horrek aukera aparta eman ditu bolumenok konparatzeko.

Arkatzaren bolumena, (prisma hexagonala eta kono txikia neurtuta) 10ml ingurkoa dela ikusi dugu.

Tetriseko pieza honek 62ml hartzen omen ditu.

1l-ko tetrabrikak diseinatzen ere jardun zuten. Esferikoak, konikoak… denetarik aurkituko genuke ikasle hauen esanetan esnea erostera joanez gero.

Beste atal baten, benetako eraikinen neurriak bilatu edo neurtuta (google mapsekin) hauen bolumenak kalkulatu ditugu eta herriko piszinarenarekin alderatu.

Bruselaseko Atomium-a.

New Yorkeko Flatiron eraikuntza.

Arlingtonen dagoen Pentagonoa.

ISS estazioko bizitzeko modulua.

Tetrabrikaren diseinu berriak aztertzen ere jardun dute. Diseinua edozei izanda ere, 1 litro hartzea zen kondizioa eta gero aukera guztein artean material gastu txikiena zuena aukeratzen jardun dugu; azalera txikiena zuena auekratu dugu, alegia.

dp3e.weebly.com helbidetik hartutako argazkia

Ariketa honetan, ekuazioak ebazten jardun behar izan dute, bolumena 1000 cm3rekin berdintzerakoan. 

Bukatzeko, itsasargi baten papelezko maketa eraiki dute 1:500 eskalan.

 

Eta badakizue zer? Ikasleak aktibo eta eraikitzaile ikusi ditudala eta ni neu ere gustura baino gusturago ibili naizela.

Bide guztian, zehaztasuna baino estimazioak egin eta neurketak egiteko metodoak pentsatu eta praktikara eramatea nahi izan dugu; ikasleek sormenez eta ausardiaz jardutea, alegia. Eta batez ere prozesua ulertzea eta haren jabe egitea.

Horrela bada, arkatzaren konoaren altuera neurtzeko Pitagorasen teorema aplikatzen ikusi ditut ikasleak, edo tetrabrik esferiko edo koniko edo zilindrikoaren bolumena 1000 cm3ra doitzeko ekuazioak ebazten aritu dira, maketa eraikitzeko edo eraikuntzen neurriak kalkultzeko eskalaren esanahia benetan bizi izan dute, eta eskalan jarduteak dakartzan arazo teknikoei aurre egiteko erabakiak hartu behar izan dituzte. 

Esaldi bakarrean laburtuta, EDERRA IZAN DA!

Hurrengo gairen baten horrela jarduteko aukerak ikusten baditut seguru egon helduko diodala. Kontatuko dizuet!

 

Permanent link to this article: http://matematiketan.eus/2017/05/22/gorputz-geometrikoak-lantzen-dbhn/

2 comments

    • Anonimoa on 1st ekaina 2017 at 6:06 am
    • Reply

    Zelako polite!

    1. Nolako jokoa ematen duen geometriak, ezta?

Utzi erantzuna

Your email address will not be published.