Oporretan bete-betean murgildu aurretik, artikulu sorta bati heltzeko asmoa aurkeztera nator. LEGO® piezekin (edo antzerakoekin) matematikak garatzeaz ari naiz. Interesgarriak iruditzen zaizkit, batetik, aukera asko ematen dituztelako, eta, bestetik, etxe askotan jada erosita egoten den materiala delako.
Gurean ere badauzkagu, eta egia esan nahiko ibilibide kuriosoa egin dute.
Ume zaharrenak 4 urte zituela iritsi ziren etxera; garai hartan bere eskuentzako ez ziren aproposak, ezin baitzituen piezak lasai itsatsi eta askatu. Beraz, hor euki ditu/dituzte urteetan aparkatuta, kutxa baten jasota.
Etxekook saiatu izan gara hurbildu zedin/zitezen, piezok eskura jarriz, umeekin batera eraikiz, edo Legoekin garatzen den robotikako ikastaroetan parte hartuz, baina denbora luzez ez dugu inolako eraginik izan.
Orain urtebete eskas, jada 3 umeak jaiota, berriz deskubritu egin zituzten; ez dakit esaten zerk aktibatu zuen haien interesa. Eta egia esan ederto zukutzen dituzte gaur egun. Lego-kutxek ekartzen dituzten instrukzioei jarraituz aritzen dira batzutan eta librean eraikiz eta hautsiz beste batzutan. Eta asko jolasten dute eraikitakoekin. Orduak egiten dituzte.
.
Izango dira beste modu batzuk eraikuntzen mudura hurbiltzeko, baina gurean horrela izan da.
Matematikako lana, espezifikoki eta konszienteki ez bada ere, jada hasita dagoela pentsatzen dut, liburuxkatako instrukzioak jarraitzeak sekuentzien ordenaren garrantzia azaleratzen baitu eta horrela, edo librean jardunda, gaitasun espazialak, orientaziozkoak eta logikoak mugitzen baitira.
Nire helburua, ordea, haratago doa; kontzeptu matematiko konkretuak lantzeko erabili nahi ditut Legoak. Zenbakikuntzarekin lotutakoak gehienetan, baina baita logika, neurria eta geometriarekin eta proportzioekin lotutakoak ere.
Gaurkoan, material berri guztiekin bezala, hasierako ezagutza jolasak proposatuko ditugu. Logikaren esparruan kokatuko genituzke nagusiki. Gainera, zuzenean 2. jarduerarekin hasiko gara, lehenengoa umeak ondo asetu arte jolasten uztea izaten baita.
2 JARDUERA: BIKOTEKAKETA, SAILKAPEN ETA ORDENAZIO LOGIKOAK
Plateamendua nahiko sinplea da. Umeak legoekin jolasten ari diren baten, pieza sorta egokia aukeratu eta aztertzea eskatuko diogu umeari.
Bikotekaketa jolasak, pieza berdinak poltsa baten sartu eta ikusi gabe, ukimenez bikotekatuz egin daitezke. Bestela, piezak mahai gainean jarri eta ikusita aukeratuz jolastu daiteke.
.
.
.
.
.
Sailkapenak egiteko, umeei kriterioak pentsatzeko eskatuko diegu eta egindako sailkapenak txartelekin markatuko edo adieraziko. Guk buruan daukagun kriterioren bat ateratzen ez bada, ea gure senari eutsi eta umeari beste baterako pentsatzen uztea lortzen dugun. Ni neu lan horrenta jarrita, honakoak atera zaizkit.
.
.
.
.
.
.
.
.
.
Zertan ari nintzen ikusi eta hona gure seme ertainari okurritu zaiona:
Askoz kriterio gehiago ere bila ditzakegu: Pinporta kopuru bakoiti ala bikoitia, 3ren multiploak diren ala ez, 4 zatitzailea duten ala ez, pinporta kopuruak erro zehatza duen ala ez, piezaren azalera 1zm2 baino haundiagoa ala txikiagoa duten…Ikusten duzuenez, sakontasun diferenteko kriterioak bila ditzakegu, umeen ezagutzaren arabera.
Ordenazioei helduz gauza bera izango dugu. Txikitik haundira ordenatuz edo alderantziz jokatuko dugu, eta ordenazioa egiteko zeri begiratu izango da gakoa. Hona abibide sorta:
Zer bilatzen dugu hasierako behaketa honekin? Materiala ondo eta sakon aztertea eta ezaugarrietan arakatzea, piezek komunean zer duten eta ezberdina zer duten begiratzea. Lan logiko-matematikoa egitea, alegia.