Kuatrilogiaren azken atalera iritsi gara. Horrela, bloke geometrikoei erabilera zabala ematen diegu; denboran nahi adina luzatzeko modukoa. HH eta LHn hasi eta DBHraino. Are gehiago, nahiko nituzke batxilergoko ikasle batzuk hemen proposatu ditugun zenbait ariketen aurrean ikustea!
Hona hemen aurreko artikuluetara joateko loturak:
- Bloke Geometrikoekin egiteko 3 proposamen (I)
- Bloke Geometrikoekin egiteko3 proposamen (II)
- Bloke Geometrikoekin egiteko 3 proposamen (III)
10 PROPOSAMENA
Oinarrizko piezen perimetro eta azalerak kalkulatzea. Horretarako, orri koadrikulatu bat erabiliko dugu. Ahal bada, kuadrikulak 1 zm2 koak izatea komeni da, karratuak kontatuz emaitza zuzenean zm2tan izan dezagun. Karratu txikiagoak erabiliz unitate aldaketak ere lantzeko aukera izango dugu.
Hainbat figuratan, karratu osoez gain zatiak ere izango dituzte kontatzeko. Interesgarria izango da zatiok nola kontatzen dituzten ikustea. Segun nola egiten duten emaitza gutxi gorabehereakoa dela azpimarratu ahal izango da.
Ume-gaztearen ezagutzek permititzen badute, piezen alde, altuera eta apotemak neurtuta eta formulak aplikatuta ere kalkulatu ahal izango dituzte azalerak eta gero papeleko karratuekin kalkulatutakoaz konparatu.
Baliteke bateren batek lehenago landu ditugun baliokidetzak erabiltzea azalerak kalkulatzeko. Hexagonoaren erdiaz trapezioarena lortu dezakegula, adibidez. Edo hirukiaren seikoitzaz hexagonoarena.
11 PROPOSAMENA
Plantillekin eraikitako irudi konplexuagoen perimetro eta azalerak kalkulatzea. Lehenago ere eman ditugu plantillak inprimateko moduan. Orain, irudi zailagoak lortzeko linka gehituko dut.
12 PROPOSAMENA
Zatikiak lantzeko erabiltzea blokeak. Kuatrilogia honen lehenengo sarreran (Bloke geometrikoekin egiteko 3 proposamen (I)) hexagonoa eraikitzeko modu ezberdinak ikertzeko esaten genuen. Aukera horiei berriz ere heldu eta ikusiko duzue nolako zatiki sorta ateratzen zaizuen. Zatikien batuketa eta kenketa lantzeko aukera ere ematen dute.