Artikulu honekin hasi eta kenketa goitik behera ezagutzera eramango gaituen sorta egitea da nire asmoa.
Izan ere, zein zaila egiten zaien haurrei kenketa eragiketa bereganatzea. Izatez, batuketarekin estu lotuta dagoen kontzeptua da baina badirudi alderantzizko bideak beti zailagoak egiten zaizkiela, eta kenketarekin ere hala gertatzen da.
Izan etxean, edo izan ikasgelan, komeni da eragiketa aurkeztea dagokigunok zenbait hasunarketa eginda izatea umearengana hurblitzen garenean.
KENKETA GAUZATZEKO 3 KONTAKETA-MODU
Konturatu al zara kenketa bakoitza egiteko 3 kontaketa-teknika erabili daitezkela? Jo dezagun 11-6 egin behar dugula.
Aukera bat da 11tik atzerantz 6 kontatzea. 5era iristen garenez, emaitza 5 da.
6tik hasi eta 11 arte dauden zenbaki edo koskak kontatu. 5 koska daudenez, emaitza 5 da.
11tik hasi eta 6ra dauden zenbaki edo koskak kontatu. 5 koska daudenez, emaitza 5 da.
Ikusten al duzue zein korapilatsua den kontua? Guk automatizatuta daukagu hau guztia beste behin, baina umeek urteak beharko dituzte 3 modu hauek daudela deskubritzeko, ulertzeko eta behar den bezala integratzeko.
BIDE EZBERDINETATIK, BETI KENKETA
Kalean, etxean edo ikastetxean aurkitzen ditugun kenketa-egoeren artean 13 ezberdin omen daude. 13!!!!!
Ikus ditzagun zein diren. Adi irakurri, zenbait oso antzerakoak baitira!
a) 12 euro ditut eta 4 ematen dizkiot nire anaiari. Zenbat geratzen zaizkit?
b) Gelan 24 lagun gara. 13 ezkerti badaude, zenbat dira eskubiak?
c) Mikelek 13 euro dauzka. 5 galduko balitu, Anek adina euro izango luke. Zenbat euro ditu Anek?
d) Irenek 8 euro ditu eta Anek 5 gutxiago. Zenbat ditu Anek?
e) 12 euro nituen eta orain 4 geratzen zaizkit. Zenbat euro galdu ditut?
f) Maiderrek 8 euro ditu eta Oskarrek 5. Zenbat diru galdu beharko luke Maiderrek Oskarrek beste euro izateko?
g) Nik 15 euro dauzkat eta Danelek 7. Zenbat gutxiago ditu Danelek?
h) Nik 8 euro ditut eta zuk 5 euro. Zenbat euro eman beharko lizkizuke amak nik adina diru izateko?
i) Izebak 5 euro eman eta gero, 12 euro dauzkadala ikusi dut. Zenbat diru neukan lehen?
j) Nik 8 urte ditut eta zuk 10. Zenbat gehiago dituzu zuk nik baino?
k) 12 euro neuzkan, baina nire osabak dirua eman dit eta orain 16 euro dauzkat. Zenbat diru eman dit nire osabak?
l) Jonek 8 euro ditu. Mikelek orain baino 3 euro gehiago baleuzka, Jonek adina diru izango luke. Zenbat euro ditu Mikelek?
m) Manexek 10 urte ditu; Naiarak baino 2 gehiago. Zenbat urte ditu Naiarak?
Bale! Zerrenda luzea da. Umeei eskatzen diegun lana bezain luzea! Eta orain, galdera batzuk datozkit burura. Gure testu liburuek hartzen al dituzte kontuan 13 kasu hauek? Mailakatuta aurkezten al dituzte? Are gehiago, egiten al dute nolabaiteko loturarik 13 egoera hauen eta kenketa egiteko daude 3 kontaketa moduen artean? Izan ere, nire ustez, badago lotura. Ikus dezagun beste ariketa honekin. Zuek lanera, orain! Sailka ditzagun 13 moduok!
Egoerak irakurri eta zuen senak zein kontaketa modu aplikatzeko eskatzen dizue?
Taula honetan jarriko dut nire ikuspegia, baina saia zaitezte zuek zuen taula betetzen:
Atzerantz kontatzen | Txikitik haudira | Haunditik txikira |
a, i, b, c, d | h, j, k | e, f, g, l, m |
Bat egiten al du zuk egin duzun taularekin?
Tira, bada, panorama osoa daukagu jada aurrean: Senari begiratuta 3 kontaketa-modu, 13 kenketa-egoera eta algoritmo bakarra honi guztiari erantzuteko. Eta nolako algoritmoa, gainera!
Hurrengo baten, kenketari aurre egiteko daukagun modua edo algoritmoa aztertuko dugu, eta zein alternatiba manipulatibo dauzkagun ere ikusiko dugu. Adi egon!