Bidaia luzeetarako zein udako egun euritsuetarako ongi etortzen da zenbait jolas aldez aurretik prestatuta edo pentsatuta eramatea. Askok erabiltzen dituzte zuzenean kotxeko DVD-ak, eta mobiletako edo tabletetako aplikazioak. Guk ez ditugu erabiltzen. Tableta eta DVDa ez dauzkagu eta mobila umeei larregi uztea ez dugu gustuko. Zergatia sakonago aztertzen hasita, badaukat sentsazioa baliabide horiek aurrean jarrita atzera bueltarik ez daukan bide bat urratzen hasten direla umeak. Filma bat kotxean ikusi duenak nekez nahiko du ipuin bat entzunez bakarrik jardutea; eta senak diost ipuina entzuntea askoz aberatsagoa dela filmean ikusi eta entzutea baino. Hala ere, beste gauza askotan bezala, erabaki pertsonalekin ari garenez bakoitzak egin beza bere aukera!
Hona nire proposamenen zerrenda; gurean erabili izan ditugunak eta erabiliko ditugunak ekarri ditut. Bateren bati ongi badatorkio ondo baino hobeto; eta zuetakoren batek beste ideiaren bat badauka gehitzeko, erabili lasai komentarioen atala.
KOTXERAKO JOLASAK
1) IMANA DAUKATEN JOLASAK: Edozeinek balio du. Antzarren jolasa, partxisa, 3-lerroan, xakea, damak…
.
.
2) BINGOA: Kotxean zoaztela ikusi beharreko objektuak agertzen dira bertan. Ikusi ahala, tatxatzen joango dira umeak. Hemen daukazue eredua inprimitzeko moduan. Berrerabili ahal izateko plastifikatzea komeni da. Menudosviajeros.com helbidean aurkitu ditut plantillak. Ume bakoitzari bat eman eta ea nork bukatzen duen kartulina osoa
3) OBJEKTUEN KONTAKETA: Jolas honetarako ez da behar ezer erosterik. Kotxeko kide bakoitzak objetu bat aukeratzen du (edo kotxe kolore bat edo matrikulako zifra bat) eta objektua edo kolorea hamar aldiz nork lehenengo ikusi da jolasa.
4) SEGIDADUN ABESTIAK: Badaude abestiak non segidak eraikitzen diren banaka zerbait gehituz eta zerrenda osoak errepikatuz. “Paristik datorren artistarena” da adibide sonatuena, baina “Txakur bat erosi dut merke azokan” ere estilo berekoa da eta “baratzeko akerrarena” ere ezagutuko duzue agian; seguru beste asko ere badaudela. Kontua da abesti horiek besterik gabe abesteaz gain, segida “tematikoak” proposatu daitezkela. Adibidez, gehiten diren hitzen hasierek alfabetoaren ordena jarraitu dezatela. Horrela, azokan, armairua, babak, denda, erlojua, flana, gitarra…erosiko genituzke. Edo bestela hitzen hizki kopurua izan daiteke hazten doana banan-banan. Akerraren abestiak gertaeren kausalitateari begira egiten du bidaia. Akerrarena ondo ikasi eta gero, berriak asmatu daitezke etxeko gertaerekin.
.
5) IKUSI-MAKUSI: Klasikoetan klasikoena da hau. Jolasari topologia ukitua gehitzeko, aukeratutako objektuaren pistak ematerakoan posizioaren ingurukoak eman ahal izango lituzkete jolasten dutenek. Ezkerraldean dago, poltsaren barruan…
6) MATRIKULEKIN JOLASAK: Umeen adinaren eta egoeraren arabera mota askotakoak egin daitezke. Zifrak batzekoak, 10en deskonposaketak topatzekoak, zifra konkretuak besterik gabe topatzekoak, milako zenbakia hartuz, hurrengo milakoa betetzeko zenbat falta den kalkulatzekoak…
.
.
7) ITSASONTZIAK URPERATZERA: Plastifikatutako ereduak hartu eta ezabatzen diren errotulagailuekin egin daiteke saio on bat ezer ere erosi gabe. Gerora, umea sistema kartesiarrerako koordenatuekin hasten denean, seguruena jolas honi egingo dio erreferentzia bere irakasleak. Nik behintzat hala egiten dut! Azpian datorrena plantilla inprimatzeko eredua da. Blogsegundodeperales.blogspot.com.es helbidean aurkitu dut eta gazteleraz dago.
8) ENTZUTEKO IPUINAK: Irakurtzeko ipuinen mundua oso zabala da. Ikaragarri apreziatzen dudan mundua da, gainera. Izan ere, webgune honetako lehenengo sarrera ipuinekin lotutakoa izan baitzen! Goazen lekura goazela, beti eramaten dugu ipuin sorta on bat. Entzutekoen esparruan, ordea, eta euskaraz gainera, nahiko zerrenda laburra daukat. Gurean Oñatiko Ganbara Txiki abesbatzak grabatutako 3 ipuin entzun ditugu jo eta sua. Ipuinak dira, papelean, baina diskoa ere badute eta testua eta abestiak tartekatzen dituzte ederto abestuz gainera.
.
.
.
.
.
OPORRETAKO EGUN EURITSUETARAKO JOLASAK
9) KARTA-JOLASAK: Ohiko karta sortek aukera bikainak ematen dituzte bai logika eta baita eragiketa matematikoak indartzeko ere. Uno eta Set izeneko karta jolasak ere aipatu beharrekoak dira atal honetan.
10) LOGIKA-JOLASAK: Hemen ere zerrenda luzea egin ahal izango genuke. Gurean dauzkagunak ekarri ditut. Bateren batek gainera imanak dituenez, kotxerako ere erabili daitezke.
.
.
.
.
.
.
11) IPUIN ETA ISTORIOAK SORTZEKO JOLASA: 9 dado bota eta agerten diren objektuak erabiliz istorioa sortu behar da jolas honetan. Sinplea eta bikaina era berean. Sekuentziazioa eta imajinazioa jartzen ditu martxan jolas honek.
2 comments
1 ping
Proposamen mundi-mundialak. Barkuen urperatzearena… segituan inprimatu eta plastifikaukot!
Author
Seguru gustuko iznago dutela zure umeek!! Eman laztan bana!
[…] http://matematiketan.eus/2016/06/13/badatozela-oporrak-11-ideia-umeekin-oporretan-jolasteko/ […]