Erlojuarekin tik, tak…egin ditzagun jolasak

20160228_111724Erlojuaren  kontuak bereganatzeko urteak behar dituzte haurrek. Helduon ikuspegitik ulertzeko zaila da, guk orokorrean oso asimilatuta daukagun gaia delako baina oso, oso gai konplexua da ume batentzako. Hiru aspektu garatuaz joango da, zein baino zein zailagoa:

  1. Erloju analogiko zein digitalaren irakurketa hutsa: Hau da agian umeak
    lehenengo garatuko duen gaitasuna. Erloju digitalean analogikoan baino azkarrago lortuko du normalean irakurketa hutsa burutzea. Horrek, ordea, ez du esan nahi bidea amaitu denik. Ikus bestela zer geratzen zaion  egiteko…
  2. Ordua adierazteko sistemaren konplexutasuna bereganatzea: zailtasuna bi aldetatik datorkigu; erlojuaren mekanismo eder baina konplexutik eratortzen dena alde batetik. Izan ere, erloju analogikoan 3 orratz daude baina bakoitzak bueltak abiadura ezberdientan ematen ditu, eta bakoitzak ematen duen informazioa oso ezberdina da.  Azkarrenaren mugimenduak beste biengan dauka eragina, nahiz eta eragin hori begi bistaz ezin den ia behatu.

    Baina beste aldetik gizartearen ohiturak daude. Orduak irakurtzeko oso modu ezberdinak dauzkagu; nahasiak gainera. Ordua esateko modu batzuk orratzei begiratuta berehala ondorioztatzeko modukoak dira baina beste batzuk zatikiekin edo kenketekin zerikusia duten; are gehiago, erlojuaren irakurketa soilarekin zerikusia daukaten moduak dira gutxen erabiltzen direnak kalean…

    20160228_113610[1]Pentsa, adibidez, zer pasatzen den “gaueko hamarrak laurden gutxi” deitzen den orduarekin. Erloju digitalean 21:45 jartzen du. Beraz, 12tik 21 erako kontaketa egin behar da 9ak direla ondorioztatzeko. Gero 45a 3/4 rekin erlazionatu behar da eta 1 edo osoari falta zaiona kalkulatu (hau da, zatikien arteko kenketa bat egin behar da). Analogikotik abiatuta ez dauka ume gizajoak bide errazagoa; izan ere,  analogikoan orratz txikia ia 10aren gainean dago, baina hori ahaztu eta 9arekin erlazionatu behar da ordua eta orratz haundia 45ean dagoenez, berriz ere 45tik 60reko igoera egin behar du ( hori kenketa bat da ) eta zatikiekin erlazionatu.  Umearei ari gatzaizkio eskatzen zatikiak erabiltzea eta osoa betezeko laurdena falta dela konturatzeko (hori, berriz ere,  kenketa bat da). Erotzeko modukoa!!

  3. Denboraren igaroaren zentzua. Erlojuaren irakurketak eta gure ohitura sozialak bereganatuta izateak, ez du esan nahi ordubete zenbat den ulertzen duenik, edo 10 minutu edo 3 ordu laurden zenbat diren dakienik. edo 11:10 izan eta hamabietarako zenbat falta den dakienik. Denobra luze ala laburra kontzeptuaren erlatibotasuna bereganatzeko ere denobra beharko du.

Seguruena, lehen hezkuntzako lehen urteetan jarriko diogun buruketarik konplexuena eskatzen ari gatzaizkio eskatzen ordulariaren bueltan ari garenean, eta are gehiago, ordua modu “sozial” baten irakurtzeko esaten diogunean.

Total; beste behin pazientziaz eta lasaitasunez hartzeko gaia dela. Erremedio majikorik ere ez dago, noski. Behin baino gehiagotan egon izan naiz LHko irakasleekin gai honi bueltaka eta ez dago jakiterik nola den modu egokiena. Argia daukadanak, ordea, honakoak dira:

 

  • Benetako ordua oso maiz irakurtzetik pasatu behar da. Ikastolan, etxean eta kalean.
  • Umeak bere erlojua izatea komeni da. Digitala ala analogikoa? Ba igual biak, tartekatzen joateko.
  • Praktikak egiteko plastifikatutako erlojutxo bat eskura izatea komeni da. Bakoitzak berea.
  • Trebe ari den umeari konplexutasun dena aurrean jartzen joan gaitezke baina ezinean ari denari frustrazio sentsazioa saihestea dagokigu eta beraz agian “hogeitabatak eta berrogeitabost” esatea ontzat eman beharko diogu, eta beti gogorarazi kalean beste modu baten esaten dela baina ikasiko duela.

PROPOSATUTAKO JOLASAK

Bi dira oraingoan ere.  Ezer erosi gabe etxean egiteko moduakoak. Guk etxean kartoizko karpeta moduko baten sartuta dauzkagu biak.20160228_111938

LEHENENGO JOLASA

Karpeta zabalduta, hau aurkituko dugu:

20160228_112132Ezkerraldean erloju analogiko eta digital bana, kartoizko orratzak eta digitaleko orduak izango diren txarteltxoak. Eskuman, 3 konpartimentu.

  • Orratzak eta digitaleko zenbakien txartelak gordetzekoa.
  • Txartel berdeen lekua.(orduak hitzez idatzita)  
  • Txartel laranjen lekua. (egunean zehar arukitu ditzakegun ekintzak hitzez idatzita iraupen eta guzti)

Jolasaren helburua txartel laranja edo berdeak atera eta deskribatzen den ekintza edo ordua erlojuetan gauzatzea da.  Banaka edo binaka aritu daiteke.

Jolas hau ume askorentzaok gustukoa izan daitekela ikusten dut, baina egia esan behar badizuet, gure etxean ez du exito haundirik izan! 

 

BIGARREN JOLASA

20160228_112512Dinamikoagoa da. Orduak dantzan! deitzen diot nik eta helburua sinplea da: Jolasa gaueko hamabieta hasten da eta dadoak botata egunean zehar aurrera egin behar da, harik eta jokalarietakoren batek eguna bukatu arte; hau da, 24 ordu errekorritzea lortu arte.

Arauak honakoak dira:

  • Dadoak bota eta dagokion aurrerapena egin behar da ordularian. Tokatu zaizun posizio horretan, benetan zertan aritzen garen esan behar du jokalariak.
  • Asmatuz gero, best ordu erdi bat aurreratu dezake.
  • Asmatu ezean dagoen lekuan (orduan, alegia) geratzen da. Jolas honetan ez dago atzera egiterik, denboran ezin baita atzera egin! Bai egin daitekena da “prenda” moduko bat jarri ez asmatzeagatik. Gurean sukaldetik zerbait ekartzeko edo dantzaren bat egiteko esaten diegu. Egia esan oso gustukoa dute hanka sertzeko atal hau!

Materialak

  • Dadoak: 1etik 6rakoa eta minutuak bosnaka agertzen diren dado dodekaedro bat. 
  • Jokalari bakoitzak bere kartoizko erlojua, orratz eta guzti eta erloju digitala sartuz gero, honentzako txartelak.

Aldaera gehiago ere pentsa daitezke: 

  • Jolasa errazte aldera: Ordulariarekin hasi berriek, minutuen dadoa ez lukete erabiliko, eta ordu osoak aurrera eginaz egingo lukete jolasa. Horretan trebatu eta gero, ordu erdiak sartu daitezke.
  • Jolasa zailtze aldera: Egunean ordu horretan zer egiten den esateaz aparte, ordu hori irakurtzeko modu guztiak aipatu erazi diezaiokegu jokalariari. Eta erloju digitala erabiltzea ere bai.

 

Permanent link to this article: http://matematiketan.eus/2016/02/28/erlojuarekin-tik-tak-egin-ditzagun-jolasak/

Utzi erantzuna Natalia(r)i Utzi erantzuna

Your email address will not be published.

*