Biderketa taulak praktikatzeko bi jolas

Biderketa taulek lan ederra ematen diete gure umeei!  Komeni da denborarekin buruz ikastea, eta arrazoi askogatik gainera.

  • Ikasten ari diren bitartean, batuketekin trebezia garatzen jarraitzen du umeak.
  • Zenbakien arteko erlazio eta patroi berriak deskubrituko ditu ikas prozesuan.
  • Gerora zatiketak egiteko ezinbestekoak izango dira.
  • Egunero sortzen diren eta biderketekin lotuta egon daitezkeen egoerak kudeatu ahal izango ditu. Adibidez, yogurrak erostera goazenean!

Kontua da taulak buruz ikasteko modu asko daudela.

Bata, guk (edo behintzat nik hala egin nuen) txikitan erabili genuen sistema da; mahaian jarri paper baten aurrean, goitik behera buruz ikasi, gurasoren batek galdetu eta erantzun, zer dakigun eta zer ez ikusi, berriz ere paperaren aurrera… Metodoa  efektiboa da; ezin da ukatu baina aspergarria ere bai, arraioa!

Nire ikuspegitik, emaitza berdintsua lortzen da biderketen ikasketa jolasetan integratuz gero. Hori da sarrera honen helburua; biderketa taulekin jarduteko jolasak proposatzea. Bi jolas, konkretuki.

baraja-espanola“Barajako karten biderketa-guda” deituko diogu lehenengoari. Baraja espainiarra beharko dugu, baina osatua. Hau da, 8 eta 9ko kartak ere badituenak. Barajatik zaldiak eta erregeak kendu ahal izango ditugu ez badugu 11 eta 12 zenbakiekin biderketak egiterik nahi. Jolasaren arauak oso sinpleak dira:

  1. Parte hartzen duten guztien artean kartak banatu.
  2. Karta sortak ahuzpez jarri eta gero, jokalari bakoitzak bina karta aterako ditu.
  3. Bi karten arteko biderketa egin eta zenbaki altuena lortzen duenarentzako dira kartak.
  4. Bukaeran karta gehien dituen jokalariak irabazten du.
  5. Aldaera ezberdinak egin daitezke. Jolasa zailtzeko zaldi eta erregeak gehitu daitezke edo hiruna karta atera eta biderkatu. Jolasa errazteko, ordea, jokalari bakoitzak 3 aukera  izan ditzake biderketen taula kontsultatzeko. 

Bigarren jolasari “laukien lasterketa” deituko diogu. Lehengo baraja berdina beharko dugu, edo 1etik 10erako dado bat, edo bata zein bestea ez baditugu, 1etik 10erako zenbakiak poltsa batean sartuta. Kolore ezberdinetako bi boligrafo hartu, orri kuadrikulatu bat eta prest gaude jolasteko.

20160214_012921Dadoa birritan botako du jokalari bakoitzak eta ateratzen zaizkion zenbakien biderketa egingo du. 8 eta 5 ateratzen bazaizkio, adibidez, 8x5eko azalera daukan laukia marratuztuko du, eta biderketa bera idatziko du barruan.

Horrela behin eta berriz. Jolasa zehazki nola gauzatu momentuan aukeratu daiteke. Adibidez, dadoak 10 txandatan botatzean erabaki daiteke, eta azalera haundiena lortu duenak irabazten du. (Horrek laukien barruko zenbakien batuketa egitera eramango ditu jokalariak.) edo bestela, 200eko azalerara noiz lehenago iritsi jolastu daiteke. Oso jolas malgua da.

Bigarren honek badauka aurrekoak ez zeukan ezaugarri bat, nire ustez inportantea dena; biderketaren oinarrizko kontzeptuarekin bat egiten du guztiz eta baita ere honek azalera kontzeptuarekin daukan lotura agertzen zaigu. Hau da, 8x5eko lauki bat irudikatzean 8 aldiz 5 luzera hartzen duen egitura marrazten dugu eta ondorioz laukian barruan orri kuadrikulatuko 40 laukitxo geratzen dira. Ez ahaztu tiraldietakoren batean laukitxoak kontatzea azken hau nabarmendu eta azpimarratzeko!

 

 

 

Permanent link to this article: http://matematiketan.eus/2016/02/14/biderketa-taulak-praktikatzeko-jolas-bat/

Utzi erantzuna

Your email address will not be published.

*