Matematikarekin zerikusia duten jolas aaaaaaaaasko egin daitezke etxean. MATEMATIKETAN jardutea esaten diot nik horri… hortik webgunearen izena, noski!
Hasteko, OINARRIZKO KONDIZIO batzuk aipatu nahi nituzke, umearen momentua eta aldartea errespetatzearekin zerikusia dutenak:
|
6 MOMENTU, HAMAIKA PROPOSAMEN
Beste asko egongo dira, baina gaurkoan ia egunero ematen diren 6 momentu hauek ekartzen ditut. Norbaitek beste proposamenen bat balu, utzi beza komentarioen atalean!
Erosketetan: Joku handia ematen duen ekintza bada ere, kontuz erabiltzekoa ere bada, haurraren izaeraren arabera. Oso ekintza “publikoa” da, albokoei atentzioa ematen diena eta horrek zenbait ume agerian utzi ditzake. Presak ere sartu daitezke tartean, lerrokoak itxoiten daudelako… Joasa edo plazerra behar lukeena, tentsio eta hasarregune bilakatu daiteke azkar asko. Beraz, umeak ez badu dendan kalkuluak egiten hasterik nahi hobeto hurrengo baterako uztea. Bestela, hasieran aipatu dudan moduan ekintzak denerako ematen du. Etxetik ekarritako zerrendaren sekuentzia jarraitzeko, dendako sailkapen sistema ezagutzeko, aleak kontatzeko, prezioak ikusteko, neurriekin jarduteko (1kg, kilo erdi, 1 litro…), antzerako produktuak alderatzeko, merkeena, garestiena, handiena, txikiena , ertaina terminotan aritzeko, dirua erabiltzeko, kanbioen gaiari heltzeko…
Janariak prestatzen eta banatzen: Jarduera honek bost zentzumenak jartzen ditu martxan. Oso aberatsa da haurrekin batera sukaldatzea. Aurreko baten “Ipuinak eta Matematika” sarreran aipatzen nituen onura berdinak ikusten dizkiot. Elkarlana eta lanaren bukaeran lortzen den produktua ere ezin dira gutxietsi, eta gainera matematikaren atal asko ukitzen ditu; hala nola, neurria, (bolumen eta pisua, balantzak…), kopuruak eta eragiketak, banaketak eta zatikiak eta, nola ez, errezeta bat aplikatzeak suposatzen duen ekintzen sekuentziazio logikoa.
Mahaiaren bueltan: Hau ere momentu bikaina da bestertik gabe elkarrekin egoteko, baina matematikari lekua egin nahi badiogu sukaldeko mahaian aukera asko dauzkagu: bakoitzak jan dituen kopuruak kontatu, zenbat ale sobratu diren, mahai gainean dauden objektuekin segidak eta serieak egin, jakien banaketa eta partiketak egin, eta aste osoko kontsumoak aztertuz gero, ikerketa estatistikoak ere egin ahal izango ditugu (sarrera bikoitzeko taulak, batezbestekoak…)
Kotxean goazela: Bidaien gaiak, etxeko lanen gaiak bezala, luzerako emango luke. Bidaiok laburrak badira gaitzerdi, baina, luze xamarrak badira…zenbat aspertura, haserre eta zorabio elkartu daitezkeen denbora tarte berean. Ai ama!
Nik uste dut ondo planifikatu beharrekoak direla bidaiak. Jolas eta ekintza sorta on bat aldez aurretik pentsatuta eraman daitezkeela eta tortura txiki bat izan daitekeena berriz ere jolas-gune bihurtu. Eta, bide batez, ezinbestekoa dirudien DVDaren dinamikatik irten. Entzuteko edo asmatzeko ipuinak eta abestiak eta ikusi-makusi bezalako jolasak hor daude, baina matematikari bere txokoa erraz egin diezaiokegu: trafikoko seinaleekin geometria aztertu ahal izango dugu, matrikulen zenbakiekin zifrak identifikatu, eragiketak egin, 10en deskonposaketak bilatu, milako zenbakiak identifikatu, zifrekin eragiketak egin, erlojuaren erabilera, distantziaren neurketa…
Kotxean doan partaide bakoitzak forma geometriko bat edo matrikuletako zifra bat, edo 10en deskonposaketa bat (1-9, 2-8, 3-7, 6-4 eta 5-5) aukeratu eta identifikatzeaz arduratu daiteke, zeinek gehiago identifikatu apuntatzen joan daiteke eta berriz ere estatistikarekin lotu…
Haurra bere jostailuekin ari denean: Piezadun jostailuak badira bikotekaketak, kriterio ezberdinen araberako sailkapen eta ordenazioak, kontaketak egin, konparazioak egin, piezak gorde eta pistak emanaz aurkitzera jolastu…
Etxera apropos ekarritako jolasak: Mundu oso bat zabaltzen da atal honekin; betikoak aipatzearren, domino, bikote jolasak, antzarraren jolasa eta partxisa, 3-en-raya, karta jolasak eta xakea aipatuko ditut, baina benetan mundu bat dagoela esparru horretan. Aprendiendomatematicas.com helbidean aurkituko duzue matematikarekin zerikusia duten jostailuen on-line denda bat. Adineka eta gaika sailkatuta dauzkate jolasok eta jostailu bakoitzak azalpen txiki bat ere badauka. Elkar liburu dendetan ere proposamen sorta luze eta interesgarria topatuko duzue eskura.
Etxean umearekin matematikean aritzeko, ez pentsa 4-5 urte izan arte itxaron beharra dagoenik. Beti ere haur bakoitza mundu bat da, baina txiki txikitatik jarri diezaizkiekegu zentzumenak aktibatu ahala deskubrituko dituzten jolasak. Ukitzekoak, ahoan sartzeko modukoak, bata bestaren barruan sartu eta gordetzekoak… ia edozerrekin ari gara matematiketan; 18 hilabeterekin jostailuak kutxatan jasotzen ari garenean matematiketan ari gara; eta gauza bera koloreka edo formaka antolatzen ditugunean jolasen bateko piezak; edo obkekturen bat ezkutatu eta pistak ematen dizkiogunean bilatu ditzan… urrunago, atzean edo gainean esanda, matematiketan ari gara. Proposamen konkretuak ikusi nahi badituzu, segi adi orri honen jarduna, halako batean emango ditugu-eta proposamenok.