Material manipulatiboetan erabilgarrienak: erregletak

20160123_100000Matematiken ikuspegi hau lantzen eta ezagutzen hasi naizenetik, joera daukat aurrean daukadan edozein objekturekin matematikaren zein adar ukitu daitekeen pentsatzen aritzeko. Eta harrituta geratu izan naiz askotan. Izan ere ia denarekin egin daiteke matematika!!

Hala ere, badaude material batzuk, izan ditzaketen aplikazio kopuruagatik bereziki interesatzen zaizkidanak. Eta gaur, denetan erabilgarrienak aurkeztera natorkizue: REGLETAK.

10 regleten eskilara (1)

1etik 10erako regletak

Kolore biziko makilatxoak dira, luzera ezberdinetakoak.
1etik 10erako luzerak daudenez, makila bakoitza zenbaki batekin identifikatuz jokatzen da.

Horrek esan nahi du regletak erabili ahal izateko, haurrak nolabaiteko abstrakzio gaitasuna euki beharra daukala: 4 neurtzen duen makilatxoa eta  4 bateko izatea baliokideak direla ulertu behar du. Hori ezin du edozein adinetan egin. Beste gauza askorekin bezala, gaitasun hori garatu eta gero erabili ahal izango ditu haurrak regletak.

20160123_161643[1]Hau dela eta, Haur Hezkuntzako geletan ez dira ia regletak erabiltzen, azken urtean ez bada; material konkretuak erabiltzen dira, benetan kontatu daitezkenak, baina Lehen Hezkuntzan ikaragarri lagunduko diote haurrari. Urte askotan gainera, modu egokian aurkezten badizkiogu. Regletekin kontaktua oso maiz izan beharko du, ez lantzean behin bakarrik eta gainera berak erabili beharko ditu bere eskuekin. Ez du balio irakasle edo gurasoak bakarrik erabiltzeak eta bera ikusten egoteak. 

Bateren batek esango du….”kontxo! ez dira ba material berriak…aspalditik ezagutzen ditut -eta!”  Eta hala da; Cuisenairek zabaldu baitzuen hauen erabilera 1945 urtean. Arlo ezberdinetan erabili izan dira, baina matematikan zentratuz gero, aplikazio sorta eder bat eman diezaiekegu. Adi gero, hor doa zerrenda-eta:

Kopuruak eraiki
Kopuruak konparatu
Kopuruak ordenatu
Bakoiti-bikoiti
Erdia-bikoitza
Sistema hamartarra  

Batuketak
Kenketak
+-1,+-10,+-100,+-1000 eragiketak

Biderketak
Zatiketak
Erroketak
Zatikiak
Multiploak
Zatitzaileak
Multiplo komunetako txikiena 

Zatitzaile komunetako haundiena
Karratuak
Kuboak
Formula koadratikoen demostrazioa
Pitagorasen formularen demostrazioa 
Ekuazioen ebazpenaren lehenengo pausuak
Neurria
Jolas eta buruketa matematikoak
Segidak
Azaleren eta bolumenen kalkulua

Ikusi al duzue zerrenda? Ez al da ikaragarri luzea?

Guk etxean badauzakgu, eta oso maiz erabiltzen ditugu. Sarri jo dugu regleten kutxara buruketa baten egoera ulertzeko edo biderketen kontzeptua indartzeko…Ez dira garestiegiak ere. 20€ inguru ordaindu nituen nik bere momentuan. 

Prezioak aipatzen hasita, honakoa argitu beharra daukat: material manipulatiboak bilatzen hasita asko aurkituko dituzu han eta hemen salmentan; oso garestiak gainera, gehienetan. Niri, baina, oso injustoa iruditzen zait gure umeekin matematikak beste modu baten lantzeko diru mordoa gastatu beharra. Produktu bat erosi aurretik baloratu egiten dut ea etxean egiteko modukoa den eta batez ere nolako erabilera emango diogun. Regleten kasuan eskura eukitzea ezinbestekoa iruditzen zait. Hori bai, erabiltzeko!

Nola egin ez dakizula? Ba adi egon, hurrengo asteetan eragiketaz eragiketa joango gara-eta, nola egin ikas dezagun. 

Permanent link to this article: http://matematiketan.eus/2016/01/23/material-manipulatiboetan-erabilgarrienak/

Utzi erantzuna Ainara(r)i Utzi erantzuna

Your email address will not be published.

*