Guraso asko eta asko ikusi izan ditut umeak Haur Hezkuntzan daudenean hauek hitzak eta zenbakiak idazten eta eragiketak egiten noiz hasiko zain. Kasurik onenetan irrikaz, baina beste batzuetan egonezinez edo larritasun puntu batez. Nola ez, ni neu ere egon naiz egoera horretan eta ondo dakit zer diodan!
Haur bakoitzaren kasua aparte aztertu eta ezagutu beharrekoa da eta ez naiz haurrei buruzko aholku orokorrik ematen hasiko hemen. Bai adierazi nahi nuke, ordea, zein den haurrak lehenago edo beranduago zenbakien eta kopuruen munduan egiten duen bide kognitiboa, jakinaren gainean egon gaitezen denok eta alperrikako larritasunak saihestu ditzagun.
Haurra jaiotzen den momentu beretik hasten da “matematika” egiten eta bere buruan ibilbide logikoak eraikitzen. Jaio eta berehala bularra bilatzeko sena pizten zaionetik. Berehala hasten da bere inguruan erlazioak ezartzen eta ondorioak atera eta aplikatzen; kolore, soinu eta usainen artekoak hasierako hilabeteetan eta begiak findu ahala eta ukimena garatzen joan ahala bestelakoak, eta nola ez, gero eta konplexuagoak. Amaren esnearen usainak edo goseak berak esnea bilarazteko sena pizten dio, eta hori, bera bakarrik, erlazio bat ezartzea da. Edo gauza txikiak eskuan hartu eta mahai gainean jartzean edo lurrera botatzean ere bere buruan egitura logikoak ezartzen ari da. Akzio-erreakzio egiturak.
Horrela, ikasi eta ikasi arituko da bere lehenengo urteetan. Behatuz, espèrimentatuz, ondorioak atera eta probatuz… Gure haurrak jostailuak koloreka sailkatzen iksuten ditugunean, matematika egiten ari dira; bikoteak egiten ari direnean ere bai eta haunditik txikira edo alderantziz dorreren bat edo panpinen batzuk ordenatzen ari direnean ere bai. Matematika konplexuak gainera. Eta batez ere, burua egituratzen jarraitzen dute. Adimen logiko-matematikoa garatzen, alegia. Utzi egin behar zaie gainera. Ahal den guztietan. Zuen haurra “Ni bakarrik!!” esaten hasten zaizuen hurrengo aldian, gogoratu momentu horretan gauza inportanteren bat ikastera doala eta agian ondo pentsatu behar dugula eten ala ez. Ezinbestekoa bada etetea, ados, baina minutu batez egin nahi duena egiten uzterik badugu, hobeto.
Halako batean, guri hala egiten entzutearen ondorioz, objektuak hartu eta “bat, bi, bost, hamar, hiru…” esaten entzungo ditugu gure haurrak. Hartu momentu bat esaten duena entzuteko eta gozatu tarte txiki hori; zuen haurra kopuruaren eta zenbakien munduan sartzeko lehenengo urratsa ematen ari baita.
Hortik aurrera, berak interesa erakusten aldiro, aprobetxatu momentua eta utzi kontatzen. Momentu asko daude kontaketak egiteko: sukaldeko mahaiaren bueltan, ipuinetan, ikastolako momentu askotan, kalean goazela, kotxean goazela, mendi buelta bat egiten ari garela… Ez zuzendu gaizki egiten duena. Normala da; kontaketen bidean “nivel cuerda” deritzoenean dago. Hitzak entzunda dauzka, badaki objektuan eskuekin errepasatzearekin zerikusia duela, baina oraindik ere ez daki zertan ari den eta zertarako den. Ez ditu ez hitzak ez mugimenduak koordinatzen eta kate numerikoa ez du ongi ezagutzen. Guri, momentu horretan eredu ona ematea dagokigu; hau da, bere aurrean ongi kontatuko dugu, argi eta ozen, baina berari irteten zaion moduan egiten uztea dagokigu. Zuzenketa edo aholkurik eman gabe.
Momentu honetatik aurrera, kontuan hartu beharko dugu gure haurra errei asko dituen autopista batera sartu dela eta berau errekorritzen hasi dela. Kontatu ditzagun erreiok:
- KAte numerikoaren ezagutzan “nivel cuerda”tik hasi eta beste 4 maila pasatuko ditu. Urteak beharko ditu seguruena. Azken etapan gora edo behera kontatzeko gai izango da, edozein zenbakitik hasita eta edozein zenbakitan bukatuta, banaka, binaka, bosnaka…
- Kopuruaren zentzua edo sena garatuz joango da. Non gehiago, non gutxiago…Kopuruak gainera objektuen tamainarekin zerikusirik ez duela ikusiko du. Bi elefante edo bi euli izanda, kopurua berdina dela, alegia. Kopuruaren zentzu inklusiboa ere ulertuko du. Hau da, multzo bat kontatzen hasi eta azken hitza “bost” denean, azken elementuari dagokion hitza ezezik, multzo osoari dagokiona ere badela jakingo du. Eta 5 gauza dauden lekuan 4 , 3, 2 eta 1 ere badaudela ikasiko du.
- Kate numerikoko hitz bakoitza kopuru batekin lotzeaz gain, ordenazio mota bat ere badirela ulertuko du. Kopuruarekin lotutako ordenazioa hain zuzen ere.
- Kontaketen munduan, abstrakziorako bidea egingo du. Hasieran benetako objektuekin egindako kontaketak bakarrik “ulertuko” edo bereganatiko ditu. Gero, objektua bera aurrean izan gabe ere, berau sinbolizatzen duten puntuak edo pinportak kontatzeko gai izango da eta azkenik, eta bide luze baten ostean zenbakiak idatzita bere aurrean ez dagoen objektu kopuru bat adierazi ditzakeela ulertuko du. Hau da, 3 kotxe idatzita ikusi eta nahiz eta bere aurrean kotxeok ez egon, ulertu egingo du espresioak esan nahi duena.
Ikusi duzue zenbat lan daukaten gure haurrek lehenengo urteetan? Ez al da harrigarria eta batez ere liluragarria? Hau magia ez bada, gertu dago hala izatetik!
Kontua da, eta noan berriz hasierako ideietara, zenbakien grafia ikasteak garrantzia guztiz galtzen duela aurreko pausuek daukaten traszendentziarekin alderatuta. Benetan inportantea dena haurrak aurreko errai guztiak batera errekorritu ditzala ziurtatzea baita. Testuinguru egokiak eman beharko dizkiogu horretarako. Haurrarentzako aproposak diren momentuak bilatuko ditugu. “Ea ba, goazen ariketa hauek egitera” estiloa baino, eguneroko momentuak erabiliko ditugu. Lasai eta erlajatuta jardun dezan, hanka sartzeko beldurrik gabe.
Gogoratu, beti ere, kontaketen munduan egin behar duen bide hori egitea ezinbestekoa dela oinarri sendo batekin ekiteko hurrengo bide, bidexka eta autopìstei.
Grafia ere ikasi behar dute, noski, eta badaude hamaika proposamen hau ere modu jostagarri eta anitzean egiteko. Ikusiko dugu proposamen sorta bat hurrengo sarrera batean.