Gure haurrak eragiketekin hasten direnerako 7 arau
Gure haurrek urte askotan egingo dute topo kontzeptu eta eragiketa asko eta ezberdinekin. Batuketa eta kenketak HHko azken urteetan eta LHko lehenengo urteetan; biderketak eta zatiketak gero; erroketak ere agertuko zaizkie halako batean; zatikiak eta hauen arteko eragiketak, berreketak, logaritmoak eta abar luuuuze bat.
Bateren bat izutuko zen honezkero! Lasai! Orain ez baitiegu denei heldu behar; ez eta gutxiago ere!
Bai nahi nuke, ordea, eragiketa berri baten aurrean haur bat jartzen dugunean zein ibilbide egitea komeni den zehaztea:
- Pentsa eta aztertu dezagun haurra eragiketa horri aurre egiteko PREST DAGOEN; hala ez bada, beranduagorako utzi eta segi bidea prestatzen.
- Lehenengo hurbilketa izan dadila BETI haurrarentzako ezagunak BENETAKO EGOERAK aztertuz.
- Bigarren pausua baten, erabili ditzala material ezberdinak, eskuekin ukitu ditzakeenak, eragiketak egiteko. (MATERIAL MANIPULATIBOAK esango diegu aurrerantzean)
- PAPELEAN IDATZIZ jarduten hasten denean, izan dadila alboan material manipulatiboak izanda, hala behar duen artean.
- Aztertu dezagun eragiketa bera ikusteko eta egiteko MODU EZBERDINAK ba ote dauden, eta egin dezagun modu horien abstrakzio mailaren graduazio bat.
- SAIHESTU dezagun eragiketak zenbaki hutsez eta testuingururik gabe egitea.
- Ez ahaztu beti asmatu, eraiki edo erosi daitezkela JOLASAK eragiketak egitea eskatzen dutenak. Askoz gusturago jardungo dute.
|
Permanent link to this article: http://matematiketan.eus/2016/01/16/gure-haurrak-eragiketekin-hasten-direnerako-7-arau/