Ipuinak eta matematika

Gure haurrekin egin dezakegun jarduerarik aberats eta interesgarrienetako bat, ipuinekin aritzea da; aldaera guztietan, gainera: ipuinak papelean zein ahoz kontatuz, besterik gabe marrazkiak ikusiz, antzeztuz, bukaera berriak asmatuz, hitz solteetatik abiatu eta ipuinak sortuz taldean…Kotxeko bidaia luzeetarako edo neguko arratsalde ilunak arintzeko ere baliabide apartak dira. Gurasoekin ikusita, anai-arrebekin edo bakarrik arituta ere, gozamenarekin lotzen dut nik irakurketa.

Ipuinen eragin positiboa azpimarratzeko, alde afektiboa, hizkuntza aberastekoa, haurra arduratzen duten gaiak hitzetara ekartzen laguntzekoak eta beste asko azpimarratu ahal izango genituzke, baina nik, gaurkoan, ipuinei eman diezaiekegun ukitu matematikoaz aritu nahi nuke.

Hasteko, ariketa bat proposatzen dizuet. Har ezazue eskura daukazuen edozein ipuin, eta jantzi ditzagun “matematikaren betaurrekoak”; ea zer ikusten dugun.  Irudiei begiratuz, okurritzen al zaizue matematikarekin zerikusia duen ezer? Zerrenda bat jarriko dut, ideia bezala:

  • Marrazkietako elementuak kontatzea. Gutxi badira banaka eta asko badira binaka edo hirunaka.
  • Lerro zuzen, kurbatu itxi edo irekiak identifikatzea.
  • Irudi geometrikoak identifikatzea eta hatzamarrekin perimetroak errekorritezea.
  • Ezkerrean, eskuman, gainean, azpian, aurrean atzean… kontzeptuak identifikatzea eta erabiltzea.
  • Zenbakien aldaera ordinala erabiltzea: lehenengo, bigarren, hirugarren…
  • Irudietan eragiketa matematikoak identifikatzea. 
  • Pertsonaien edo objektuen tamainekin jokatzea, proportzioak lantzeko.

Ikus dezagun adibide konkretu bat:

Etxean daukagun ipuin bateko irudi bat da; bertan txoriak kontatu daitezke; zirkunferentziak eta laukiak identifikatu daitezke; txori bakoitzak bi begi badauzka begi kopuru totala kalkulatu daiteke binaka kontatuz edo biderketa bat eginaz;  ezkerreko orrialdeko txoriak 2 badira eta eskumako orrikoak 5, guztira zenbat dauden batu daiteke; telefonoa mutikoaren parean dagoela edo leihoa neskaren atzealdean dagoela azpimarratu daiteke; neskaren altuera 1m dela suposatuz, alboan daukan mahaitxoaren altuera metro erdi dela ondorioztatzea ere posible da…

Ikusten duzuen moduan, marrazkia matematikoki zukutzea da proposatzen dudana.

Hau guztia, noski, inguru erlajatuan eta modu ludikoan. Ikusi-makusi jolas batekin, agian; edo bestela “ezetz aurkitu borobil bat marrazki honetan?” txandaka jolastuz. Adin edo trebezia ezberdineko haurrak ari badira marrazkiari begira, bakoitzari egokitutako xehetasunak behatu daitezke.

Probatu ezazue, ea zer iruditzen zaizuen.  

Beste alde batetik, matematika gaitzat hartzen duten ipuin eta istorioak ere badaude eta horiek ere kontuan hartuo ditugu.

Hona hemen zerrenda labur bat:

“Zenbakien guda”: Ipuin honetan 1 zenbaki jeloskor batek eta ken erregearen laguntza jasotzen du beste zenbakiak 0raino txikitzeko lanean. Ipuin hau ulertzeko, haurrak barneratuta izan behar du kopuru kontzeptua; zenbakiak eta hauen grafia jasotzen hasita egon behar du eta eragiketa txikiak ulertzen ere hasita egon beharko du. (Juan Darien; Txalaparta argitaletxea)

“Por cuatro esquinitas de nada”: Borobiltxoak eta laukitxo bat ageri dira oso esanguratsua den arazo bat ezin konpondu. Forma geometrikoak ikusteko, kontaketa txikiak egiteko eta batez ere planteatzen duen gaiaren inguruan hausnartzeko aukera bikaina ematen du. Haur txikiei gustatuko zaie eta zaharragoekin hausnarketa sakonak  egin ahal izango ditugu.(Jerome Ruillier; Juventud argitaletxea)

asdasda

“Historia del uno”: 1 zenbaki bakartia etxetik ateratzen da lagun bila. Beste zenbakiak ezagutuko ditu bidean. Grafia eta kopuruak agertzen dira. Errimatutako textua da. (Maria Luz Uribe eta Fernando Krahn; Destino argitaletxea)

“The rabbit problem”: Fibonacciren zenbakiaren bueltan jarduten du. Ez dauka texturik. Ikusi eta behatzekoa da nagusiki. Marrazki eta irudiei dagokionez xehetasuenez josia dago, eta bukaeran sorpresa txiki bat ere ematen digu. (Emily Gravett, Macmillan argitaletxea)

Koloreak, zenbakiak, aurkakoak eta formak agertzen zaizkigu liburu honetan. (Julie Safirstein; Ttarttalo argitaletxea)

Gazteentzako ere proposamen bat jartze aldera, hona hemen Robert-en istorioa. Gauero deabrutxo bat agertzen zaio gure mutilari ametsetan eta hainbeste gorroto dituen matematiken munduan murgiltzen lagunduko dio. Robert gero eta seguruago eta gero eta ausartago sentituz joango da. (Hans Enzensberger; Siruela argitaletxea)

Zerrenda bat egiten den bakoitzean bezala, asko izango dira kanpoan geratu diren tituluak. Ekarpenak jasotzeko prest nago… beraz bateren batek titulu interesgarriren bat badu, gustura jasoko dut sarrera honetan.

PD: Artikulu honen ostean beste bi ere egin ditugu gai honi helduta. Hemen daude loturak:

Ipuinak eta matematika (II)

Ipuinak eta matematika (III)

Permanent link to this article: http://matematiketan.eus/2016/01/14/ipuinak-eta-matematika-i/

Utzi erantzuna

Your email address will not be published.

*